Olatu handiak Pasaiako bokalean
Udalak irudi korporatiboa berritu nahi du eta logotipoa hautatzeko lehiaketa abian du. Interesatu orok izan du parte hartzeko aukera, eta orain aurrez hautatutako lanak baloratzeko tenorea da.
Guztira, 58 proposamen jaso dituzte eta horietatik sei baztertu behar izan dituzte, aurrez ezarritako arauak bete ez dituztelako.
Beste lan guztiak, 52ak, Interneten daude ikusgai pasaitarrek beren botoa emateko aukera izan dezaten. Izan ere, honakoa da logotipoa hautatzeko adostu duten prozedura:
- Alderdi politikoen ordezkarien mahaia. Gehienez, 250 puntu emango ditu.
- Pasaiako hainbat arlotako elkarteek osatutako mahaia (kirola, kultura, aisialdia, eta beste zenbait). Honek ere gehienez 250 puntu emango ditu.
- Pasaiako merkatari eta enpresek osatutako mahaia. Gehienez, 250 puntu.
- Pasaiako biztanleek emandako botoak. Gehienez, 250 puntu.
Herritarrek udalaren webgunearen bidez eman dezakete
botoa. Bozketan parte har dezakete 2000ko urtarrilaren 1a baino lehen jaio, eta Pasaian erroldatutako guztiek (bozketaren ondoren egiaztatuko dute bozkatzaileek baldintzak betetzen dituzten; betetzen ez dituztenen botoak indarrik gabe lagako dituzte).
Parte hartzen dutenek hiru proposamen baloratuko dituzte, 10, 6 eta 3 punturekin. Ezin da behin baino gehiagotan bozkatu eta ezin da proposamen bakarrari behin baino gehiagotan puntuatu (baldintza hauek guztiak prozesuaren amaieran egiaztatuko dituzte).
Parte-hartzaileentzat sariak
Udalak herritarren parte hartzea sustatu nahi du, eta hori dela eta, sariak zozketatuko dituzte botoak ematen dutenen artean. Ondorengoak dira sariak:
- 150 euroko erosketa-txartela, Pasaiako edozein komertziotan gastatzeko.
- 100 euroko erosketa-txartela, Pasaiako edozein komertziotan gastatzeko.
- 50 euroko erosketa-txartela, Pasaiako edozein komertziotan gastatzeko.