Igogailu berria martxan da gaurtik aurrera Trintxerpen
Gaurtik aurrera (hilak 18) igogailu berria martxan da Trintxerpen, Azoka eraikinaren eta udal gimnasioaren irisgarritasuna hobetu eta errazteko.
Trintxerpeko Azokan jarri duten igogailuaren obrek 52.126 euroko kostua izan dute. Udalak esan duenez, igogailuarekin erantzuna ematen nahi izan diote eraikineko erabiltzaileen aspaldiko eskaera eta behar bati –orain arte eskailerak igo beste modurik ez zen azokara iristeko–.
Iragarri dutenez, aurrerantzean, igogailu berriak eraikineko hiru solairuri emango dio zerbitzua: azoka erabilera duen lehenengo solairuari, bigarren solairuari, eta udal gimnasioa dagoen hirugarren solairuari. Azken solairura igotzeko aukera gimnasioaren erabiltzaileek bakarrik izango dute, giltza bitartez, eta beti ere kirol instalazioak zabalik dauden bitartean.
Igogailu berrian zortzi pertsona sartzen dira, eta “igogailu ekoeraginkorra da eta kontsumo energetiko txikikoa” dela nabarmendu du udalak. .