EAJk eta EH Bilduk akordioa lortu dute hondakinak biltzeko moduan, bi hilabeteko negoziazioen ondoren. 2017an sistema mistoa ezarriko dute, edukiontziak eta zintzilikarioak uztartuko dituena

Kepa Garbizu eta Ainhoa Zabalok elkarri bostekoa emanez irudikatu dute akordioa
Hainbeste hauts harrotu dituen gaian adostasunera iritsi dira Lezoko Udaleko bi talde politiko nagusiak. Horrela, hondakinen bilketaren gainean akordio zabala adostu dute EAJk eta EH Bilduk, eta 2017tik aurrera sistema mistoa ezarriko dute udalerrian. Horrela, 2013ko maiatzetik indarrean dagoen atez atekoa kenduko dute, baina erdizka. Egungo zintzilikarioak dauden tokian geratuko dira, hondakin organikoak zein errefusaren zatia jasotzeko, eta edukiontziak bueltatuko dira Lezora, papera eta kartoia zein ontzi arinak jasotzeko (beirarenak orain arte hor egon dira).
Bi hilabete dira bi alderdiak gaia lantzeko mahai baten bueltan bildu zirenetik, udalean ordezkaritza duen PSE-EErekin eta Lezo Garbia eta Lezon Ondoaigea eragileekin batera. “Urratsez urrats akordio batera iritsi gara, alderdikeria albo batera utzi eta lezoarrengan pentsatuz”, azaldu du Ainhoa Zabalo EH Bilduko bozeramaileak. Aurretik, Lurraldeko Zatikako Planaren gainean ere adostasuna lortu zuten, Eusko Jaurlaritzaren asmoei helegitea jartze aldera.
Ez da ohikoa udalbatzako bi alderdi nagusiak, publikoki, elkarrekin agertzea. Asteartean agerraldi bateratua egin zuten alderdi jeltzaleko zein ezkerreko koalizio subiranistako zingotzi guztiek —bat falta zen—. Bertan akordioa, baita bi aldeek erakutsitako borondatea ere, “Gipuzkoan aitzindari” bezala definitu zuten. “Ariketa interesgarria izan da, eta era berean, kontuan edukitzeko ikasgaia. Politika egiteko modu eta ikuspuntu ezberdinak dauzkagu, baina herri politikagintzan gabiltzanok gehiagotan egin beharreko ariketa da”, adierazi zuten.
“Helburua gaia konfrontazio politikotik ateratzea izan da, akordio politikora iritsiz”, erantsi zuen Xubero Ubillos EAJko zinegotziak hitzarmenaren aurkezpenean. Zabalok, bere aldetik, bi aldeen artean “sintonia ona” egon zela jakinarazi zuen, “herriarentzat onena” dela iritzita.
Galdeketa ekidin
Etorkizuna ikusmiran dutela iritsi dira adostasunera udal gobernu taldeko zein oposizioko bi alderdi nagusiak. Izan ere, sistema mistoa geratzeko iritsiko da. 2019ko hauteskundeen emaitzak direnak direla ere, sistema mantentzeko konpromisoa hartu dute EAJk zein EH Bilduk. Lau urtean behin hondakinen bilketa sistema aldatzea eraginkorra ez dela uste dute biek ala biek.
Hitz emate horrekin, lezoarren arteko “liskarrak” ekidin nahi dituzte bi alderdiek. “Nahikoa liskar sortu da hondakin bilketaren harira. Gipuzkoako beste herrietako esperientziak hor daude, egoki kudeatzen ez badira tentsioa sorrarazten dute galdeketek, aldekoen eta kontrakoen taldeak sortuz”, baietsi dute akordioaren sinatzaileek. Horrela, Kepa Garbizu alkateak martxorako iragarritako galdeketa ekidin dutela adierazi dute. Herritarren artean sor ditzakeen tirabirez gain, duen “kostu ekonomiko handia” ere aipatu dute bertan behera uzteko arrazoi bezala.
Hondakinen bilketaren gaian adostutakoa “akordio ausarta” dela iritzi dute jeltzaleek zein ezkerreko subiranistek. “Behin hondakinen gainekoa adostu dugun honetan”, gaineratu dute, “Lezon ditugun lehentasun handiko arazoei irtenbidea ematera kanalizatu nahi ditugu gure indarrak”.
%80ko tasa helburu
Akordioak sei oinarri ditu. EAJk eta EH Bilduk sei ideiatan bat egin dute: adostasuna lortu beharra; %80ko birziklatze tasara iristea; gaikako sailkapena egiten jarraitzea; errefusean atentzioa jartzea; emaitzen jarraipena egitea, hobekuntzak egin behar balira egiteko eta, azkenik, behin %80ko tasa bermatuta, hondakinak botatzeko ordutegia ahalik eta libreena izatea. Atez ateko sistema ezarri arte, Lezon %28ko birziklatze tasa bakarrik zegoen, eta sistema berriarekin esponentzialki hazi zen kopurua. EAJ zein EH Bildu bat datoz datu horiek mantendu behar direla esatean.
Horiek dira akordioaren sei oinarrien gakoak. Gaur egun indarrean dagoen bilketaren kontratua bukatzean hasiko dira —hots, 2017an— sistema mistoarekin. Lehenago, baina, udalak kontratatutako azterketa teknikoa egingo dute, sistema mistoa eraginkorra izan dadin. Edukiontziak non kokatu edo hondakinak ateratzeko maiztasuna aztertuko dituzte, besteak beste.
Hori guztia finkatu arte, zehaztasun gehiago ezin izan dutela aurreratu iragarri zuten EAJk eta EH Bilduk. Sistema berria ezarri aurretik, komunikazio kanpaina bat abiaraziko dute, sistema berria gizarteratze aldera. Gainera, herriko hainbat eragilerekin biltzen hasteko asmoa dute berandu baino lehen, akordioaren berri emateko.
Lezo Garbia eta PSE-EEk akordioa ez dute onartu; Ondoaigeak, bai
Aldeko eta kontrako jarrerak sortu ditu EAJren eta EH Bilduren arteko hitzarmenak. Lezon Ondoaigeak begi onez ikusi du akordioa, eta PSE-EEk zein Lezo Garbia plataformak ez dute batere gogoko.
Lezo Ondoaigeak %80ko birziklatze tasa lortzea nabarmendu du. PSE-EEk bost edukiontzien alde egin du, eta Lezo Garbiak “iruzurra” salatu du.
Lezon Ondoaigea
Lezon Ondoaigea plataformarentzat onurazkoa da sistema mistoa. EAJren eta EH Bilduren arteko akordioak ekarri duen hondakinak biltzeko sistemak %80ko birziklatze tasa bermatuko duela uste dute taldekoek, “era berean, legealdi honetan eta hurrengoan ez da sistema hori aldatuko. Oso ondo deritzogu bi arlo horiei: %80ko birziklatze maila izatea, eta akordioa iraunkorra izatea”, zehaztu du Edurne Lizarazu taldeko kideak.
Hondakinak biltzeko sistema adosteko mahaian parte hartu zuen Lezon Ondoaigeak. Bertan, hasieratik, sistema berriak baldintza zehatz batzuk bete behar zituela jarri zen mahaiaren gainean, tartean, birziklatze tasa %80 inguruan egotearena. “Baina Lezo Garbia ez zen ados agertu horiekin. Haiek nahi zutena zen edukiontziak bakarrik jartzea, jendearen esku uztea birziklatu ala ez. Edukiontziekin, bai, birzikla daiteke. Baina jende guztia ez dago horren alde”, dio Lizarazuk. Hortaz, birziklatze mailarik handiena lortzen zuen sistema hobetsi behar zela defendatu zuen hasieratik taldeak.
Baina mahai horretan, Lizarazuren arabera, iritsi zen une bat ezin zela adostasunera iritsi, Lezo Garbia eta PSE-EE ez zeudelako ados bertan proposatutako hainbat neurrirekin. Eta une horretan erabaki zuen Lezon Ondoaigeak politikoen eskuetan uztea erabakia, ikusita bai EAJren jarrera eta EH Bildurena onak zirela, “ahalik eta gehien birziklatuko zuen sistema baten alde zeuden”.
EAJren jarreraz galdetuta, Lizarazuk aitortu du hasiera batean ez zegoela ziur alderdi jeltzaleak zein jarrera izango zuen negoziazioetan, “baina berehala konturatu ginen gai hau bakean lantzeko gogoa zutela. Bestalde, zenbakiak ikusi zituzten, kontuak atera zituzten, eta sistemarik merkeena zein zen ikusi zuten. Gainera, horri erantsi behar zaio aldundiak hondakin organikoengatik zer ordainarazi nahi dien udalei… Organikoarentzako txipa zuen edukiontziarekin hastea zen EAJren asmoa, baina eboluzioa nabaritu dut haiengan: edukiontziak nahi zituzten, eta EH Bilduren sinbolo ziren zintzilikarioak kendu. Baina birziklatzea askoz merkeago ateratzen dela konturatu dira, eta errefusa nahiz organikoa askoz errazagoa dela era egokian bideratzea zintzilikarioen sistemaren bidez”.
Bide horretan, Ainhoa Intxaurrandieta EH Bilduren zinegotzi eta GHKren lehendakari izandakoak egindako lana nabarmendu du Lizarazuk, “hondakinen gaian hark baino gehiago dakienik ez dago. Mahaian bera egon da, eta denok ikasi dugu hark esandakoetaz, Lezoko EAJk barne”.
Lezo Garbia
Lezo Garbia plataformako kide Patxi Sarasolak jakinarazi duenez, eurek EAJren eta EH Bilduren arteko akordioari ezetz esan zioten alde guztiek egin zuten hirugarren bileran.
Aurrekoetan, baina, ia adostasunera iritsi zirela argitu du. “Akordio batera iristeko oso gertu ginen, baina beste mota batekoa. Oso-oso gutxi falta izan zen”, esan du. Xehetasunak eman ditu Sarasolak: “Hasierako proposamena honakoa zen: hiru edukiontzi jarri, eta gero txikiagoak errefusarentzako eta organikoarentzako. Bi etxeetatik behin bat eta bat jartzea. Organikoa uztea, hiru egunetan beharrean, gehiagotan ea egin ahal zen galdetu genuen”.
Eurak aurrera egiteko prest zeudela esan du plataformako kideak, eta hirugarren bilera bat egin zuten.
Hirugarren bilera hartara akordio itxiarekin iritsi zirela esan du Lezo Garbiako kideak: “Elkartu ginen azkeneko ostiral horretan, nire ustez aurreko egunetan erabakita zeukaten dena, aurkeztu zuten beraien akordioa. ‘Ongi. Zuen akordioa da, beraz bukatu dugu bilera’, esan genien”.
EAJk “iruzurra” egin diela argi du Sarasolak, eta sistema mistoarekiko jarrera zehatza datorren asteko asanbladan erabakiko dutela iragarri du.
PSE-EE
Jose Angel Sanchez zinegotzi sozialistak, berriz, akordioa gaitzetsi du, “atez ateko moldatua” dela uste du, eta horregatik, porrota izango dela. Bere alderdiak hobariak dituen bosgarren edukiontzia aldarrikatzen jarraitzen duela esan du.
EAJri “arduragabekeriaz” aritzea egotzi dio, iazko hauteskunde kanpainan bosgarren edukiontzia jarri eta herri galdeketa egingo zutela esan baitzuten. Horrela, iritziz zergatik aldatu duen galdetu diote alderdi jeltzaleari, eta kostu ekonomikoarena “aitzakia” dela uste dute.
Horregatik, edukiontziak ezartzeko eskatu dute, “sistema garbi, merke eta jasangarriena” delako, eta “Europak eskatutako birziklatze tasak gaindi ditzakeelako”.