Hiru Garapen Iraunkor eta Integratzailerako diru laguntzak dira (DUSI), eta eskualdeko lau udalerriek eskatu dituzte, batera; guztira, 18 milioi euroko eskaera da.
Hiri Garapen Iraunkor eta Integratzaileentzako diru laguntzak emango ditu Europak –DUSI izenez ezagunak–, eta eskualdeko lau herriek hautagaitza bateratua aurkeztu dute, Pasaiako Badia izenarekin.
Hala jakinarazi dute gaur goizean Pasaiako alkate Izaskun Gomezek eta bere gobernukide Nahikari Oterminek. Iragarri dutenez, lau udalerrien artean 18 milioi euroko eskaera bideratu dute. Europak eskaera onartzen duen ala ez, berriz, ekaina bukaeran edo uztailaren hasieran jakingo dute.
Aurreratu dutenez, hautagaitza onartzekotan, Europak erdia finantzatuko luke, hau da, 9 milioi euro; 3,6 milioi aldundiak finantzatuko lituzke (%35) eta gainontzekoa, hau da, 2,7 milioi (%15) udalek.
Udalek jarri beharreko kopurua, edonola, beste erakunde batzuk finantzatu ahal izango dute ere, Gomezek aipatu duenez, “jaurlaritza kasu”.
Aurreikusitako jarduerak
Diru laguntza eskaeran ez dituzte zehaztu behar izan finantzatu nahi dituzten jarduera zehatzak, baina, Gomezek eta Oterminek azaldu dutenez, aurreikusita dituzte jada, baita horien gutxi gorabeherako kostua kalkulatua ere.
Hauek aipatu dituztenak:
- Ekobulebar Antxo Altamira
- Itsas Eskola, Donibaneko hiltegian.
- Donibaneko ludoteka (garai bateko haur eskolan)
- Bizikleten alokairurako programa
- Donibaneko saneamendua
- Ziriza etxean coworking eremua atontzeko partida
- Herritarren Arretarako Zerbitzua
- Ondartxako Kondemastin igerileku naturalak egokitzeko egitasmoa.
Argitu nahi izan dutenez, jarduera hauek gainditzen dute, alde handiarekin Udalak jaso dezakeen diru laguntza. Horregatik, behin behineko aurreikuspena dela nabarmendu dute, eta laguntzaren zenbatekoa ezagututa, jarduerak berrikusi eta lehentasunak zerrendatuko dituztela ohartarazi dute.