Oiartzuar talde baten ekimenez, Elkartasun Uhinak martxan jarriko dute. Presoen egoerari tarte emango diote Oiartzun Irratian, besteak beste.
Elkartasun Uhinak iniziatiba atzo aurkeztu zuten
Oiartzuar talde batek Elkartasun Uhinak iniziatiba abiarazi du, euskal preso eta iheslarien alde. Horrela, Oiartzun Irratiari proposamena helarazi zioten duela hilabete batzuk, “presoak irrati bidez gure etxeetara ekartzeko”. Orain arte, Oiartzun Irratian maiztasun jakinik gabe ematen zituzten presoen egoerari buruzko albisteak, gaurkotasunari lotuak.
Herritar taldearen proposamenari baiezkoa eman diotela jakinarazi zuen Mirari Martiarena Oiartzun Irratiko langileak. “Horretarako”, gaineratu zuen Martiarenak, “beraien laguntza izango, eta hiru astean behin Elkartasun Uhinak tarte berezia eskainiko dugu Oiartzun Irratian”.
Irrati bana, auzoetan
Horrez gain, zortzi irrati ibiliko dituzte sukaldez sukalde, Oiartzungo auzo bakoitzeko irrati bat. Astero etxea bat izango du pausaleku, eta irrati horiek herriko hiru presoen hitzekin osatutako irratsaio bat emitituko dute. Josune Balda, Joxean Etxeberria eta Joanes Larretxearen ahotsa, hainbat abestirekin eta
Ametsen liburua-ren pasarteekin osatuta dago.
“Elkartasun uhin bidez hasiko dute etxerako, herrirako bidea”, esan zuten atzoko aurkezpenean. “Baina argi dugu herritarron elkartasun, lan eta ekimenak ekarriko dituztela Oiartzuna”, gaineratu zuten.
Jadanik hainbat oiartzuarrek eman dute izena, eta gehiagoren zain daude. Irratia etxean jaso nahi duenak e-posta bidez idatzi beharko dute, eta bertan auzo bakoitzeko arduradunaren kontaktua emango diote, zerrendan apunta dezan.
Herriko presoak etxera ekartzeko nahia azalduz bukatu zuten Elkartasun Uhinak iniziatibaren aurkezpena. “Irratien elkartasun uhinek presoen ahotsak ekarriko dituzte. Presoak herriak ekarriko ditu, etxean nahi eta behar ditugulako”.