Galdetegia emango die Lezoko Udalak herritarrei, kirola eta ariketa fisikoa alorrean herrian hobekuntzak egin daitezen
Altzate igerilekua
Kirolari eta ariketa fisikoari buruz lezoarrek duten iritzia bildu nahi du udalak, herriko kirol eta jarduera fisiko sistema hobetzeko. Aurreko legealdian zeregin horri ekiteko erabakia hartu zuen udalak, eta orain ari dira aurrera eramaten egitasmoa. Lehenik, hainbat galderari erantzunez, lezoarren iritzia bildu nahi du udalak, galdeketa orri batzuren bidez. Beheko PDFan ere (erantzunak bertan jar daitezke) lor daitezke orri horiek, baita Lezoko Udalaren webgunean ere (udaletxean ere eska daitezke). Herriko postontzietan ere banatuko dute. Behin galdetegia beteta, hori entregatzeko epea martxoaren 4ra artekoa da.
Oro har, jaso nahi diren iritziek bi arlo nagusi ukitzen dituzte: jarduera fisikoa eta kirola egiteko espazioen berrantolaketaren azterketa, eta jarduera fisiko eta kirolaren eskaintzaren azterketa herrian.
Behin galdetegiak beteta, bi era daude horiek emateko. Batetik, modu digitalean, PDF galdetegia
udalaren posta elektronikora bidaliz. Bestela, era fisikoan utz daitezke galdetegiak, horretarako propio jarritako buzoietan. Honako tokietan daude: udaletxean, Bekoerrota kiroldegian, Altzate igerilekuan, Andreone liburutegian, musika eskolan, anbulatorioan eta Aiton Bordan.
Herritarrekin bakarrik ez. Herriko taldeekin ere batzarrak egingo ditu udalak ekarpen gehiago jasotzeko.
Behin informazioa jasotzeko bidea eginda, hainbat forotan ondorioak plazaratu eta horien gaineko gogoeta egingo dute, martxo bukaera inguruan.
Kirola eta ariketa fisikoa, galdetegi betegarria