Oiartzungo Udalak, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak eta UEMAk antolatu dituzte jarduerak, arnasguneen garrantzia nabarmentzeko.

Jardunaldien logotipoa.
Euskararen arnasguneak hizkuntza hori nagusitzen diren udalerriei esaten zaie. Oiartzun horietako bat da, biztanleen %85ek dakielako hizkuntza. Hizkuntza batek, biziraungo badu, horrelako arnasguneak beharrezko dituela iritzi dute, baina azken urteetan kontzientziazioaren lasaitze bat antzeman dute. Oiartzunen bertan erabilera jaisten ari dela jakinarazi dute.
Horregatik, Oiartzungo Udalak, Ttur-ttur Euskaltzaleon Bilguneak eta UEMAk arnasguneen gainean hausnartzeko tailerrak eta erakusketa antolatu dituzte. Horrela, arnasguneen euskararen biziraupenean eta normalizazioan duten garrantzia nabarmenduko dute bertan.
Erakusketa, 18ra arte
Udalerri euskaldunen errealitatea islatzen duen erakusketa jarri dute, gaur bertan, udaletxeko areto nagusian. Datorren asteko ostiralera arte egongo da bertan, honako ordutegian: 09:00etatik 13:00etara goizez eta 17:00etatik 20:00etara arratsaldez (datorren astean bakarrik egongo da arratsaldez irekita).
Hamahiru panelek osatzen dute erakusketa. Udalerri euskaldunen bilakaera soziolinguistikoa eta ezaugarri sozioekonomikoak jasotzen dituzte panel horietan, baita arnasguneei buruzko azalpenak eta euskararekiko mezu positiboak ere.
Antolatu duten beste jarduera arnasguneei buruzko tailerra da. Hilaren 17an —hurrengo ostegunean— izango da, erakusketa dagoen tokian bertan. UEMAko kide batek gidatuko du tailerra, modu dinamikoan, eta arnasguneei buruz ariko dira, eta batez ere, Oiartzunen euskarak duen egoerari buruz. Tailerra irekia dela jakinarazi dute.