Udal gobernu taldearekin adostasunetara iristen saiatu direla adierazi du koalizioak, "alderdien interesak alde batera utzita". Presioak gaitzetsi ditu.

EH Bilduk EAJri eskua luzatu dio, akordioa herritarren artean zabaltzen jarraitzeko.
Kepa Garbizu alkatearen dimisioak “kezka” sortu du EH Bildun. Izan ere, euren ustez, ez dimisioak ezta “dimisioaren atzean dauden presioek” ez diote lezoarren beharrei erantzuten. Salatu dutenez, presio horiek ez dira onargarriak.
Orain dela bederatzi hilabete hasi zen agintaldiaren hasieratik udal gobernu taldearekiko zein alkatearekiko “jarrera garbia” izan duela adierazi du EH Bilduk. “Lezon ditugun gaiak aztertu, kudeatu eta ahalik eta irtenbide egokienak bilatzen saiatu gara”, esan dute. Izan ere, udalaren banaketa ikusita —seina zinegotzi dituzte EAJ eta EH Bilduk, bestea PSE-EEkoa da—, udala kudeatzeko adostasunetara eta akordioetara iritsi behar dela uste dute.
Hori lortzeko, alderdien interesak “alde batera” utzi dituztela ziurtatu dute, “eta herritarrenen arabera kudeatzea” dutela helburu. Aurrekontuetan, Lurraldeko Zatikako Planari jarritako helegitean edo hondakinak jasotzeko sistema mistoa ezartzean lortutako akordioak zerrendatu dituzte. “Oso positiboa izan da orain arteko denboran egindako bidea eta lanketa”, berretsi du ezkerreko koalizio subiranistak.
Akordioari balioa eman
Lezoko EH Bilduk “orain arteko bidean” lanean jarraituko duela jakinarazi du, eta udalerriko EAJri zein zinegotzi taldeari hondakinen akordioa elkarrekin lantzen jarraitzeko gonbita luzatu diete.
Akordioa herritarren artean zabaltzeko asmoa dutela adierazi dute, “akordioaren inguruan dauden zalantzak eta mamuak uxatuz”. Sistema mistoa ezartzeko akordioa lezoarrentzako “onena” dela uste dute.