Kepa Garbizuk onartu du GBBrekin hondakinen gaian izandako desadostasunengatik utzi duela alkate kargua.
Kepa Garbizu alkate izan duen azkeneko plenoa izan da gaurkoa
Pasa den ostiralean aurkeztu zuen dimisioa Kepa Garbizu Lezoko jada alkate ohiak. Noemi Arberasek orain arte lehen alkateorde izandakoak hartuko du, jardunean, alkatetza. Orain hamar eguneko epea zabalduko da alkate berria aukeratzeko.
Garbizuk onartu du bere dimisioaren atzean EH Bildurekin hondakinen sisteman lortutako akordioa dagoela, EAJren Gipuzko Buru Batzarrek —ezta hainbat herritarrek— ez duelako gustuko. Aitortu du hondakinen akordioa “lezoarren interesagatik” adostu zutela, eta “sinetsita” bilatu zutela akordioa. Horretarako, alderdikeriak alde batera utzi zituzten bai EAJk zein EH Bilduk.
Ildo beretik mintzatu da Ainhoa Zabalo EH Bilduko eleduna. Sistema mistoan ez ezik, beste hainbat gaietan ere akordioak lortu dituztela nabarmendu du, eta “alderdikeriak alde batera utzi” dituztela berretsi du berak ere. Zabaloren taldekide Mikel Arrutiri “pena” eman dio Garbizuk kargua modu horretan utzi behar izana.