Arditurriko meategiak bisitatzeko trenak "arrakasta ukaezina" izan duela adierazi dute antolatzaileek, atzoko bisita kopuruak bete baitituzte.
164 lagun igo ziren Arditurrira tren berdea erabiliz.
Arditurriko meategietan jarduera ugari egon da Aste Santuan. Bisitaldi ugari antolatu dituzte —batzuentzako— oporraldian, eta jasotako erantzunarekin gustura dira antolatzaileak.
Hilaren 24tik 28ra 612 pertsona egon dira Arditurri bisitatzen. Bisitarien % 74,51 gipuzkoarrak dira, %6,86 Euskal Herriko gainontzeko lurraldetakoak eta %18,63 Espainiako Estatukoak. Kopuru horretatik 448 lagun izan dira meategira sartu direnak. Ez dira zenbaki hutsalak.
Tren berdeak emandako emaitzarekin pozik daude parketxeko arduradunak. Atzo ibili zen martxan, eta 164 lagunek erabili zuten Tren Berdea. Ordaindu zuten prezioaren barruan zegoen meategira bisita —sakonekoa zein oinarrizkoa—, eta trenean joan ziren lagunekin batera, beste 40 pertsona ere hurbildu ziren ingurua ezagutzera.