Euskal Herriko Itzuliaren 56. ekitaldia datorren asteazkenean eta ostegunean pasako da Oarsoaldea zein Bidasotik. Goi mailako parte hartzea izango du Itzuliak.
Thibaut Pinot, iazko Itzulian, Aian gora.
Datorren astelehenean hasiko da txirrindularitza maila nagusiko —UCI World Tourreko— bosgarren astebeteko itzulia. Etxebarrian (Bizkaia) hasiko da Euskal Herriko Itzuliaren 56. ekitaldia, eta Oarsoaldetik bi aldiz pasako da, hirugarren eta laugarren etapan. Bidasotik, berriz, laugarren etaparen hasieran pasatuko da.
Gasteizen hasiko da hirugarren etapa —gaur zortzi—, eta 193,5 kilometro egin ondoren, Lesakan bukatuko. Arabako Lautada zein Nafarroako Sakana lasai antzean gurutzatuko du tropelak, eta Nafarroa ipar ekialdean hasiko da profila zorrozten. Izan ere, Uitzikoa izango da igo duten bost mendateetatik lehenengoa. Segidan Usategieta pasatuko du pelotoiak. Goizuetatik behera Hernanin sartuko dira txirrindulariak, eta Urumea bailaran itzulinguruka ibili ondoren, Oarsoaldera zuzenduko dira.
Ugaldetxotik sartuko dira, pasatu ondoren, txirrindulariak. Antolakuntzaren estimaziorik onenean, 15:51ean izango da. 38 kilometro faltako dira helmugara, eta Oiartzungo saihesbidean egongo den tarteko helmuga pasa ondoren, Aritxulegira bidean abiatuko dira (16:05ean pasako dira, aurreikuspen azkarrenaren arabera). San Antongo urtegia igarota, Agiñako gaina igoko dute, eta Bortzirietan barrena ibiliko dira. Piedadearen mendatea igoko dute, helmugatik bederatzi kilometrora.
Jaizkibel, Hondarribitik
Hirugarren etapa nahikoa ez, eta hurrengo egunean ere gymkana bat egin beharko dute txirrindulariek. Lesakatik irtengo dira, eta Endarlatsatik iritsiko dira Behe Bidasora (13:09ean Zaisan). Ibaiaren ertzetik joango dira Hondarribiko aireporturaino (13:16) eta handik Guadalupe aldera zuzenduko dira.
Donostiako Klasikan ez bezala, Jaizkibel alde
gozoenetik igoko dute. Jaitsieran Donibane atzean utziko dute, eta Lezo aldetik Gaintxurizketara abiatuko dira, Arkale igotzeko. Oiartzungo saihesbidea pasatuta, Ugaldetxotik utziko dute Oarsoaldea (14:07), eta bezperan etorritako bidea hartuko Hernanira joateko. Orion bukatuko da etapa, 165 kilometro osatu ondoren. Usurbilen, Zarautzen eta Aian ibiliko dira —azken horren gaina hiru aldiz pasako dute—.
Maila handiko parte hartzea
Inoizko ekitaldirik gogorrenetakoa izango da astelehenean hasiko dena. Sei etapei aurre egingo dieten goi mailako txirrindularien zerrenda luzea da. Bertan izango dira iazko podiumeko hiru mailak bete zituzten txirrindulariak: Joaquim Rodriguez (Katuxa), Sergio Henao (Sky) eta Ion Izagirre (Movistar).
Igandean bukatu zen Kataluniako Voltako sailkapen nagusiko hiru onenek ere bere parte hartzea baieztatu dute: Nairo Quintanak (Movistar), Alberto Contadorrek (Tinkoff) eta Dan Martinek (Etixx-Quick Step). Faborito gehiago ere izango dira Itzulian. Honakoak izango dira, besteak beste: Mikel Landa eta Leopold Konig (Sky), Simon Spilak eta Jurgen Van den Broeck (Katuxa), Yates anaiak (Orica), Pierre Rolland (Cannondale), Tony Gallopin (Lotto-Soudal), Thibaut Pinot (FDJ), Rui Costa eta Diego Ulissi (Lampre), Bauke Mollema (Trek-Segafredo), Fabio Aru (Astana), Tom Dumoulin (Giant-Alpecin), Robert Gesink (Lotto-Jumbo)…