Alderdi sozialistari zein alderdi jeltzaileari elkarlanerako deia egin die azkenik Errenteria Irabazizek, "herritarren gehiegoaren nahiarekin bat egin" eta transferentzia gunea itxi eta lekuz aldatzea eskatuko duen mozioa aurkeztu dezaten.
San Markoko transferentzia guneak hautsak harrotu ditu. Errenteria Irabaziz eta EH Bilduk osatutako
gobernu taldeak salatu egin zuen orain astebete transferentzia gune horrek Txingudiko eta Urola Kostako hondakinak jasoko dituela.
PSE-EEk transferentzia gunea San Markon jarraitzearen ardura bi alderdi horiei leporatu zien atzo. Gaur berriz Errenteria Irabazizek erantzun die alderdi sozialistaren adierazpenei. “Herritarrei gezurra esan eta nahastea helburu duten politika zaharraren errekurtsoak ez erabiltzeko eskatu nahi diogu PSE-EEri”, esan du errenteria Irabazizek, “agerikoa dena izkutatzen saiatzea da horietako errekurtso bat. Zer da agerikoa? astero Txingudi eta Urola kostatik 27 kamioi gehiago helduko direla Beraunera, hondakinak bertan utzi eta ondoren Kantabriara eramateko”.
“Hondakinen turismo” horren arduradun PSE-EE eta EAJ egin ditu hautesle elkargoak: “Bi alderdi horiek kudeatzen duten Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak egindako proposamena onartu zuten San Markos Mankomunitatearen azken bileran.Udaletik eskatu bada ere transferentzia gune hori lekualdatzeko, bi alderdi horien kudeaketarako gaitasun eza ordaintzen ari gara errenteriarrak”.
Aurreko legealdian San Marko Mankomunitatea PSE-EEk eta EAJk kudeatu zutela esan du gainera Errenteria Irabazizek “PPren babesarekin. Ze gestio egin zituen orduan Denis Itxasok transferentzia gunea lekuz aldatzeko. Itxasok berak zein PSE-EEk gestioen berri ez dugu, ezta herritarrek ere”.
Alderdi sozialistari zein alderdi jeltzaileari elkarlanerako deia egin die azkenik Errenteria Irabazizek, “errenteriarren gehiengoak San Markoko transferentzia gunea itxi eta lekuz aldatzea nahi du. nahi horrekin bat egin eta horren harira mozioa aurkezteko eskatu nahi diegu PSE-EEri eta EAJri”.