Jesus Maria Martiarena (EAJ), bere alderdikideen eta PSE-EEren babesarekin, izango da 2019ra arte Lezoko alkate.

Jesus Maria Martiarena
Gaurko 19:30ean ez zen zinegotzi ere, eta 19:45ean alkate. Jesus Maria Martiarenak hartu du Kepa Garbizuren lekukoa Lezoko alkate bezala. Gaur herriaren agintari izateko ezohiko plenoa egin dute 12 zinegotzik (EH Bilduko bat falta zen), eta horietatik zazpik (EAJko seiek, eta PSE-EEkoak) erabaki dute EAJren hautagaia zela egokiena 2019ko maiatzera arte herriaren alkate izateko. Bozketa horretan EH Bilduk ez du parte hartu uste zuelako “inkoherentzia” zela Martiarena alkaterako aurkeztea, eta PSE-EEren ordezkariak ez du bere burua alkate izateko aurkeztu, “EAJrekin PSE-EEk duen akordioa dela eta”. Hortaz, lehenik eta behin zinegotzi kargua hartu zuen jeltzaleak, ondoren alkate izendatzeko.
“Denon artean gauzak ondo egin”. Horiek izan dira kargua hartu eta berehala Jesus Maria Martiarenak esandako hitzak. PSE-EEko zinegotziak agintari berria zoriondu du. Bi hitzaldi labur horiek salbu, alkatetza hartu aurretik eta ondoren EH Bilduren ordezkariek luze eta gogor hitz egin dute. Haiek izan dira EAJren barruan izandako mugimenduen irakurketa egin duten bakarrak.
Ainhoa Zabalo alkate ohiak koalizioaren oinarrizko planteamendua finkatu du alkate berriaren izendapenaren aurretik: “Herriko interesen aldeko lanean orain arteko ildoarekin jarraitzea da gure asmoa. Lezoarren interesek guztiaren gainetik egon behar dute. Akordio eta adostasunaren bidea jarraitu dugu, horiek egitea posible dela erakutsi dugu, herriaren alde beti. Lortutakoa balioan jarri nahi dugu. Eta Martiarenaren hautagaitza justu horren kontra doa. Egin genuen akordioa [hondakinak biltzeko sistema mistoaz ari zen] 13 zinegotzietatik 12k hartu genuen”. Atzera jo du Zabalok esateko Martiarena zinegotzi izan zenean “baserritarren kontrako eta zenbait enpresaren aldeko” erabakiak hartu zituela, eta erantsi du sistema mistoaren akordioa ez duela errespetatu, “GBBra joan zara horren kontra egitera. Badirudi hori saritu duela GBBk, ez adostasunaren bidea”.
Puntu horretan Zabalok EAJko kideei alkate izateko beste hautagai bat proposatzeko eskatu die. Termometroa sartu nahi izan du EAJren zinegotzien artean, ea Martiarena euren arteko kontsentsuzko hautagai ote zen jakiteko. “EAJk aurkeztu du bere hautagaia”, erantzun dio Xubero Ubillos jeltzaleak.
Sistema mistoaz, galdera zuzena
Alkate kargua hartu ondoren, Martiarenak eta EAJren udal taldeak Mikel Arrutiren (EH Bildu) hizketaldia entzun du, haiengana zuzendu delako. Arrutik esan du ez dela ulergarria “akordioaren alde [sistema mistoarena] ez dagoen hautagai bat” nola aurkeztu duen EAJk, “12 zinegotziren babesa ez duzue errespetatu. Oraingo EAJren zinegotziek babestu zuten akordio hori. Horren kontra zaude zu [Martiarenaz], ordea. Ez dugu zure izendapena ulertzen, ez da koherentea”. Groucho Marx-en esaldi bat erabili du ere Arrutik gaurko egoera deskribatzeko asmoz, EAJri erreferentzia eginaz: “Hauek dira nire printzipioak, ez badituzu gustuko baditut beste batzuk”.
Eta legealdian egingo duenaz, eta sistema mistoaren akordioarekin egingo duenaz galdera zuzena egin dio Arrutik Martiarenari: “Zer egingo duzue akordioarekin?”. “Momentuz erantzunik ez dut”, Martiarenak.