Hilabeteko lehen ostegunetan film bat eskainiko dute Niessenen. Abuztuan, gainera, pantaila eta proiektorea kalera aterako dituzte.

Leire Cano kultura teknikaria, Ion Collar kultura zinegotzia, Sandra Martinez Niesseneko arduraduna eta Oz Zinemako Jonathan Sedeño eta Nagore Portugal.
Hamarkada luze egon da Errenteria-Orereta zineklubik gabe, Kaligari taldea desegin zenetik. Onbide zinema zaharrean egiten zituzten ostegunetan film emanaldiak eta ondorengo solasaldiak. Orain, OZ Zinemak hartuko du lekukoa. Datorren ostegunean bertan hasiko du ibilbidea, Niessen zinema aretoen eta udalaren laguntzarekin.
Horrela, hilero film bat eskaini nahi dute. Hilabeteko lehen ostegunean izango da, 19:30ean. Datorren ostegunean hasiko du bere ibilbidea,
El hijo de Saúl filmarekin. Holakaustoari buruzko film “bisualki indartsua” dela jakinarazi dute OZ Zinemakoek, eta 45 sari baino gehiago jaso ditu.
Niesseneko arduradun Sandra Martinezek esan du zineklubak zinema komertzialetik harago dauden lanak eman ditzaketela, eta publiko berria erakar dezakeela.
Zinema, kalean
Apirilean, maiatzean eta ekainean emango dituzte Niesseneko bigarren aretoan lehenengo hiru filmak. Ondoren, luntxa egingo dute Xera gastrotekan. Uztailean etenaldia egingo dute, baina abuztuan indartsu bueltatuko dira. Izan ere, ostiralero film bat eskainiko dute, kalean, dohainik. Gainera, Erdialdetik auzoetara mugituko da zinekluba. Horrez gain, Errenteria-Oreretan egiten duten film laburren jaialdian ere parte hartuko dute OZ Zinemakoek.
Sarrerak lau eurotan salduko dituzte, Niessen kulturguneko bulegoan —zinema aretoetako leihatilan ez dituzte salduko—. Bestalde,
facebook orrialdea eta
twitter kontua martxan jarri dituzte OZ Zinemakoek.
(Informazio zabalagoa ostiraleko papereko edizioan).