Europako mugan etorkinei ematen ari zaien tratuarekin suminduta dauden Errenteria-Oreretako elkarte, eragile eta norbanakok deitu dute elkarretaratzea.
Lampedusako mosaikoaren inaugurazioaren une bat. Iazko azaroan inauguratu zuten.
Lampedusako mosaikoaren aurrean bildu eta Suminduraren Eguna egingo dute hamarnaka herritarrek hilaren 18an 19:30etan. Europako mugan etorkinei ematen ari zaien tratuarekin suminduta dauden Errenteria-Oreretako elkarte, eragile eta norbanakok deitu dute elkarretaratzea, “Europa katastrofiko bat eraikitzen” ari direla salatzeko. Sindikatuak, kultura munduko elkarteak, auzo elkarteak, kirol mundukoak, hezkuntza, osasungintza, elkarte gastronomikoak… denak gonbidatu dituzte elkarretaratzearekin bat egitera, eta atxikimendu gehiago espero badituzte ere, hamasei elkartek egin dute bat dagoeneko.
Europako lurretan xenofobia eta arrazakeria zabaltzen ari direla salatuko dute eta bertako mugak nazioarteko erakunde aberatsei zabalik eta bizi nahi duten pertsona xumeei itxiak daudela. Lampedusako mosaikoaren aurrean egingo duten elkarretaratzearen bidez, horiek guztiak salatuko dituzte baina baita ere gogoratu iazko apirilaren 18an Lampedusatik 100 kilometrora etorkinez beteriko ontzia ondoratu zela eta 700dik gora ito zirela.
Antolatzaileek herritar guztiak deitu dituzte parte hartzera.