Zahartzaro aktiborako egitasmoa martxan jarriko dute Lezon; gaur goizean aurkeztu dute.
Tipi Topa egitasmoaren aurkezpena, Gurutze Santuaren plazan
Zahartzaro aktiboa eta osasungarria sustatzea. Erronka horren bueltan bildu dira Lezoko hainbat eragile, elkarlanean eta sarean, Tipi Topa deitu duten egitasmoa diseinatu eta aurrera eramateko.
Gaur goizean aurkeztu dute egitasmoa, udaletxean, antolatzaile denak bertan zirela. Aitor Thalamas Osasun Zentroko arduradunak eta Mikel Abasolo Bidasoako Osasun Publikoko eskualdeko koordinatzaileak azaldu dituzte egitasmoaren nondik norakoak; kirol teknikari Arkaitz Angiozalek hitz egin zuen udalaren izenean, eta han izan dira baita talde eragilearen partaide diren Aiton Borda, Lezoko Caritas eta Gaxuxa Emakume Taldeko ordezkariak ere.
Denen buru Jesus Mari Martiarena alkatea, karguan estreinatu berri, bere lehen agerraldi publikoan. Antolatzaileei eskerrak eman dizkie alkateak eta lezoar adineko guztiei luzatu die Tipi Topan parte hartzeko gonbidapena.
Ostegunero, plazatik
Adinekoen ongizate fisikoa eta mentala hobetzea eta egitasmoaren helburua. Ibiltzea helburu hori sustatze bidean onuragarria dela sinetsita, ostegunero ibilaldi bat antolatuko dute herrian zehar. Gerturatzen diren pertsonen ibiltzeko ohituraren arabera erabakiko dituzte balizko ibilbideak.
11:00etan elkartuko dira ostegunero, Gurutze Santuaren plazan. Ordubete inguru iraungo duen ibilaldiaren ondoren, salda eta ura banatuko diete adinekoei. Irteeraren antolakuntza, astero, herriko eragile batek hartuko du beregain. Datorren ostegunean izango da lehen irteera, hilaren 14ean.
Elkarlanean sortuta
Lezoko Udalak, Osakidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Osasun Publikoko Zuzendaritzarekin batera, zahartzaro aktiboa eta osasungarria sustatzeko helburuarekin elkarlanari ekin zion 2014 urtean.
Udalerriko adinekoentzat Lezo adeitsuagoa bilakatzeko proposamenak lantzea izan da elkarlanaren helburua. Hain zuzen ere, hiru erakundeek diseinatutako ekintza planaren barruan kokatzen da atzo aurkeztu duten Tipi Topa egitasmoa.
Beste hainbat herritan ere
Lezon, bakarrik ez. Beste herri askotan daude martxan antzeko egitasmoak. Errenteria-Oreretan, esaterako, bada antzeko plan bat, baita Irunen eta Hondarribian ere, Ttipi Ttapa izenarekin. Lezon, izenaren egokitzapenaren zergatia ere eman dute. Jarduera fisikoa bultzatzeaz gain, maizegi bakarrik eta etxe zuloan izaten diren adinekoak kaleratzea eta gizarteratzen laguntzea da asmoa, egitasmoa topagunea izatea.