Agintaritzak azaldu duenez, trafikoak behera egin du lehen aldiz azken hamabi hilabeteetan
Txatarra Pasaiako portuan
Portu Agintaritzak jakinarazi duenez Zumarragako Arcelor Mittal lantegiaren egoerak eragin zuzena izan du portuko trafikoen beherakadan. Zehaztu dutenez, azken urtean lehen aldiz egin dute behera trafikoek, eta beherakada lantegiaren lan galerarekin lotu dute. Beherakada handia izan da: %22,1 egin du behera trafikoak.
Iazko martxoan 89.831 tona txatarra mugitu zituen Pasaiako Portuak; aurten, aldiz, 20.188 Tona baino ez. “Automobilen eta produktu siderurgikoen bilakaera positiboa ez da nahikoa izan txatarra inportazioak izandako bat bateko beherakada konpentsatzeko”, esan dute.
Izan ere, txatarrarekin ez bezala, produktu siderurgikoetan apenas izan da aldaketarik trafikoari dagokionez, Portuak jakinarazi duenez, Zumarragako produkzioa ez delako esportatzeko.
Gainontzeko trafikoen aurreikuspenak %10a baino gehiago handitu direla nabarmendu du Portu Agintaritzak. Produktu siderurgikoetan ez ezik, automobiletan, zerealetan, potasetan eta egur trafikoan izan dira gorakadak.