Donibaneko plazan, Prest! taldeak antolatuta, euskararen aldeko mosaikoa
Pasaia Donibaneko euskaltzaleak aktibatzeko asmoz, barrutiko Prest! Taldeak eta Euskaltzaleen Topaguneak elkarlanean, Turrunbuilaka izeneko prozesu parte hartzailea jarri dute abian, udalaren laguntzaz.
Hiruna orduko hiru saio antolatu dituzte, apirilaren 23an eta maiatzaren 7 eta 21ean. Donibaneko euskaltzaleak elkartzea izango da helburu nagusia, eta metodologia parte hartzailea erabiliz, euskarak herrian duen egoeraren diagnostikoa egingo dute, ondoren beharrak definitu, lehentasunak finkatu eta aurrera begira zer egin erabakitzeko.
Hiru saioak Aiton Amonen Aterpean izango dira, larunbata goizetan, 10:00etatik 13:00etara.
Erabilerarekin kezkatuta
“Donibaneko euskararen erailera eskasarekin kezkatuta” ekin zioten lanari prozesu honen bultzatzaileek, “herri euskaldunago bat nahi” dutelako.
Hain zuzen ere, hilaren 27an aurkeztuko ditu Soziolinguistika klusterrak Pasaiako kaleetan egin duen euskararen erabileraren neurketaren emaitzak. Aurkezpena 19:30ean izango da, Antxoko kultur etxean.
Turrunbuilaka prozesuaren bitartez, besteak beste, Donibaneko euskaldunon ahalduntzea bultzatu nahi dute, herritar eta eragile guztiak aintzat hartuz eta guztien parte hartzea sustatuz.
Horrez gain, Donibaneko oinarri soziolinguistikoen araberako azterketa komunitarioa egingo dute, euskaltzaleen bizipenak eta esperientziak kontuan hartuz.
Azkenik, euskaltzaleen beharrak asetzeko herritarren antolakuntzaz hausnartu nahi dutela adierazi dute, eta euskararen normalizaziorako ekintza zehatzak sustatu.