Iraia Oiartzabal jostun pasaitarrak, Arkaitz Santos bikotekidearekin batera, Komorebi arropa marka sortu dute, motorrean ibiltzeko janzkiekin.
Iraia Oiartzabal eta Arkaitz Santos, irudiaren erdian, larunbateko desfilean.
Iraia Oiartzabalek (Antxo, 1987) modaren munduan ibilbide propioa hasi zuenetik sei urte pasatu dira. Orain ibilbidea bidaia ere bilakatu da, eta urteetan ez ezik, kilometrotan kontatzen hasi beharko du.
Arkaitz Santos (Donostia, 1986) bikotekidea hartuko du bidaide. Izan ere, bien zaletasunak elkartzetik —Oiartzabalena, moda; Santosena, motorren zaharberritzea— Komorebi arropa marka berria aurkeztu zuten pasa den larunbatean. Komorebi hitzak, japonieraz, zuhaitzen hosto artetik sartzen diren eguzki izpiak izendatzen ditu. Bigarren mailako errepideetatik joatean sentitzen den sentsazio berezi hori islatu nahi izan dute izenarekin.
“Ideia zoro bezala hasi zen”, gogorarazi du Santosek. “Iraia eta biok etxeko salan bideoak eta aldizkariak ikusten ari ginen. Momentu batean berak bota zuen ‘Zergatik ez dugu motorrean ibiltzeko arropa marka bat sortzen?’”. Santosek azaldu duenez, joskintza munduak eta motorzaletasunak ez dute bata bestea bidean topatu: “Motorrean ibiltzeko arropa nahiko itsusia da, eta ez dira oso dotoreak”.
Ñabardura egin du Oiartzabalek: “Oso material zatarrak dira, eta ez dute zerikusirik behean daramaten motor horiekin. Horiek estetikoki oso politak dira”. Marka sortzeko inspiratu duten bi gurpileko ibilgailuak bereziak dira:
cafe racer motoziklismo motan erabiltzen direnak.
1950eko hamarkadan hasi ziren
cafe racer-ak egiten, Londresen. Santos: “Rock estiloarekin batera sortu zen motoziklismo mota hori. Larruzko jakak eta abar janzten zituzten. Kafetegi batetik bestera ibiltzen ziren: zerbait hartu eta hurrengora. Pixkanaka euren motorren piezak aldatzen hasi ziren”. Mugimendu horretan oinarrituta sortu dute marka, “linea oso finekin eta dotoreekin”.
Horrela, motorra aparkatzean erabili daitekeen arropa ere diseinatu dute. Eta ez bakarrik motorzaleentzako. “Motorrean, ibili ez arren, jende askok erabiltzen ditu mota horretako arropak”.
Goi joskintza egiten aritu da Oiartzabal sei urte hauetan, eta orain atzera buelta egingo du pasaitarrak: “Karreran, arropa seriean egiten ikasi nuen, eta horretara itzuliko naiz orain”.
Hiru jaka, hasieran
Komorebi marka berriak hiru jaka mota izango zituen hasieran, eta horrekin desfilea egitea pentsatu zuten. Ez zeuden erabat konbentzituta: desfileetan ohikoena goitik behera marka beraren arroparekin egitea dela gogorarazi dute.
Esan eta egin. Zapatak, alkondarak, galtzak eta abar diseinatzen hasi ziren. Janzki bakoitzak, baina, hornitzaile bat behar du. Hori bai, argi zuten Espainiako Estatuko
slow fashion mugimenduan sartuko zirela, eta arropa modu jasangarrian ekoitziko zutela. Markari balio erantsia eman nahi diote horrela. “Merkatuan”, zehaztu du Oiartzabalek, “badago markaren bat arropa horrela egiten duena. Hala ere, enpresa oso handi bilakatu dira, eta nortasun pixka bat galdu dute, agian. Eurengatik desberdintzeko horrela egitea erabaki genuen”. Gainera, Santos eta Oiartzabalek aitortu dute eguneroko arlo guztietan modu jasangarrian kontsumitzen dutela, eta horrekin koherente izan dira. “Ez genuen beste modu batean ikusten”, baietsi du Oiartzabalek.
Filosofia hori jarraitzeak beste zerbait ere bermatu die: euren arropek merkatuko kalitaterik onena edukitzea. Goi mailako enpresa horiek, baina, ez daude Euskal Herrian, eta Kataluniara abiatu ziren. “Galizian ere badago horrelako enpresarik, baina bidaia bakarra egiteko dena Katalunian egin genuen”, azaldu du Santosek. “Nola ez erabili material horiek, hornitzaileak hain gertu egonda! Kilometro gutxira egoteaz gain, kalitate onena dute”, gaineratu du.
Oiartzabalek ziurtatu duenez, ez dute prezioak merkeak izatea bilatu, baizik eta kalitate onenaren bila joan dira. Ateak, kasik, iritsi baino lehen itxi zizkieten, hornitzaileei euren asmoak jakinarazterakoan. “Enpresetan ate joka hasi ginen, eta zer nahi genuen esaten genienean, ‘Baina ezin dizut prezio horretan egin’ esaten ziguten. Ohituta daude
regateo-an aritzera. Baina guk ezetz esan genien, argi genuela kalitatearen bila gindoazela”.
Urtebetean eraman dute aurrera prozesua. Iazko Aste Santuko oporretan hasi zuten diseinu lana. Larruzkoak ez diren arropak
stock-ean gordeko dituzte, baina larruzkoen osagarriak pertsonalizatzeko aukera emango dute. Lau kolore emango dituzte aukeran.
Bildumak ateratzea alde batera utzi dute. Oiartzabal: “Urtero bi bilduma ateratzea ez dator bat
slow fashion filosofiarekin. Gure larruzko produktuak pertsonalizatzeko aukera ematen badugu, produktu hori justifikatzen duzu, eta ez duzu stock-ik uzten. Gainera, larruzko jaka beltz batek urre koloreko kremailera duelako ez erostea ekiditen duzu». Jantzi horiek banaka egiteak ahalbidetzen du hori.
1950eko hamarkadan oinarrituta egonda, “atenporalak” diren arropak diseinatu dituzte, boladaz pasako ez direnak.
Etorkizunera begira
Neska eta mutilentzako janzki berberak diseinatu dituzte, patroi ezberdinekin betiere. “Motoziklismoaren munduan”, adierazi du Oiartzabalek, “emakumeek beti jokatu dute
sexy-a izatea, edo motorraren atzean joatea. Guk itxura hori kendu nahi izan diogu”.
Larruz egindako arropen
denim —bakero gisako oihalak— bertsioa ateratzeko asmoa dute. “Prototipoak egin ditugu, baina bakeroena beste mundu bat da. Bakeroa berez txikitu egiten da garbiketen ondoren, eta horregatik garbiketa berezi bat behar du, finkatzeko. Egin aurretik ez dute inoiz garbitzen, baina gure kasuan horrela egin behar da. Guk forratu nahi ditugu, eta tamaina bera eduki behar dute. Garbiketek, gainera, asko zigortzen dituzte kremailerak. Oso politak gelditzen dira», esan du Oiartzabalek.
Jostunak aitortu duenez, “munstro” bat sortu dute, ez zutela Komorebi sortzeko beharrik ikusten: “Ezkontzetako soinekoekin gustura nengoen, Arkaitzek bere lana zuen… Baina gure ametsak errealitate bilakatzeko modu bat da. Ezinezkoa da gure lanekin uztartzea”. Izan ere, Santos ingeniari elektronikoa da, eta duela hilabete lanpostua utzi behar izan zuen, Komorebin buru-belarri sartzeko.
Ez dute erronka makala. Euren helburua denda bat —fisikoa, online-az gain— irekitzea da, baina horretarako ere kanpora ateratzea planteatu dute: “Donostia bezalako hiri batean ez lukeela funtzionatuko uste dugu. Alokairuak, gainera, oso altuak dira. Horrela ekoitzitako arropak bere prezioa du, eta horrelako marka batek Bartzelona edo Madrilen funtzionatuko luke. Gure ideia, oraingoz, marka asko saltzen dituzten boutique-tan saltzea izan liteke”.
Gainera,
showroom-ak ere egiteko asmoa dute. Hoteletako geletan arropa erakusten diete balizko bezeroei modu horretara, horiekiko tratu zuzena bermatuz.
Oraingoz, bidaia hasi besterik ez da egin. Kilometro asko irentsiko dituzte orain.
Pasarela egun batez errepide bihurtu da
Donostiako San Bartolome kaleko tailerrean egiten dute lan Oiartzabalek eta Santosek. Euskal Herriak inoiz eman duen jostunik onenetako baten omenezko museoan aurkeztu zuten euren marka berria. Getariako Balentziaga Museoko pasarela errepide bilakatu zen egun batez larunbatean. Ez zen motorrik falta izan: 1927ko batek jokatu zuen
pasarelaburu lana.
Kalakan taldekoek markatu zuten desfilearen erritmoa.
“Oso pozik gaude, jendea oso hunkituta ikusi genuelako”, esan du Oiartzabalek. Kalakan taldekoek jarri zuten musika. “Luxu” bezala definitu zuten maila horretako musikariek parte hartu izana.
“08:00etan bildu ginen langile guztiak”, esan du Oiartzabalek, “eta denek esan zuten aura berezi bat bazegoela”. Modeloei dagokienez, Felipe Ugarte Mister Euskadi izandakoa eta Xabi Ortega kenduta, gainontzekoak ez ziren profesionalak. Hamasei izan ziren guztira.
Horietatik gehienak Antxo (eta inguruko) lagunak izan ziren, eta bazen bestelako aurpegi ezagunagorik. Oiartzabalek EiTBko harreran egin zuen lan —”hango dirua nire pasioan, modan, inbertitu nuen”—, eta han egindako harremanei esker, Ana Urrutia, Maite Eskarmendi eta Maria Amolategi izan ziren Getariako museoan. Kalakan-ekoek ere
catwalk-a zapaldu zuten.
Pantaila txikian agertu, ala ez, denak gogo handiarekin zeudela baieztatu dute. “Ongi desfilatu zuten, gainera. Felipek [Ugarte] ongi irakatsi zien”, adierazi du Oiartzabalek.
Euskal Herriko ekoizleak
Gonbidatuei egindako harreran zein desfilearen ondorengo cocktailean —baita Kalakan-ekoek desfilatu zutenean ere—, Dj Makala izan zen musika jartzeko ardura izan zuena.
Santos eta Oiartzabalek baina bat jarri diote ekitaldiari. Autobusetan iritsi ziren gonbidatuak, eta kanpoan itxoiten ari ziren bitartean, euri zaparrada bota zuen. Ekitaldia hasteko aurreikusitako ordua baino zertxobait lehenago ireki behar izan zituzten ateak.
Cocktailean euren kontsumitzeko filosofia erakutsi nahi izan zutela ziurtatu dute. “Azkenean, Komorebi bizimodu estilo bat da, ez da produktu bat. Helarazi nahi genuen gaur egun dagoen kontsumitzeko moduak, produkzio moduak, jasangarria izan behar duela. Ni ez naiz gai merke erosteko beste baten esplotazioagatik”, zehaztu du antxotarrak.
Getariako ekoizle batzuen produktuak Fronton de Tolosako sukaldariak prestatu zituen, bertako txakolina edateko aukera egon zen, Barrenetxek jarri zituen postreak, ardoa Eskuernagako (Araba) Hotel Viurakoa… hainbat gutizi dastatzeko aukera izan zuten gonbidatuek. Kalitatezkoak ziren, dena bukatu baitzuten.