Errenteria Irabaziz eta EH Bilduk aurkeztu dute mozioa, eta San Marko Mankomunitatearen zein Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioaren GHK erabakiaren kontra azaldu dira.
Ohiko Osoko Bilkura egingo du bihar udalbatzak eta zazpi puntuen artean, San Markoko hondakinen transferentzia gunearen gaineko mozioa aztertuko du. Errenteria Irabaziz eta EH Bilduk aurkeztu dute mozioa, eta San Marko Mankomunitatearen zein Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioaren GHK erabakiaren kontra azaldu dira. Txingudi eta Urola Kostako hondakinak San Markoko transferentzia gunean hartuko dituzte GHK hala proposatu eta San Marko Mankomunitateak baiezkoa eman diolako eskaera horri. Desadostasuna azaldu dute EH Bilduk eta Errenteria Irabazizek. “ez gaude ados Hondarribia edo Zumaiako tratatu gabeko hondakinek Errenteria izatea helburu, ondoren Kantabrian bukatzeko ‘hondakinen turismoa’ sortuz”.
Herritarren gehiengoak erabakia konpartitzen ez dutela ziur daudela esan dute bi alderdiek, “Gipuzkoan dauden lau transferentzia guneetatik San Marko da urrutien dagoena Kantabriatik. Gainera, Errenterian 30 urte luzez elkartasun ariketa sakona egin behar izan dugu mota guztietako hondakinak jasotzen San Markoko zabortegian”. 2014an San markoko transferentzia gunearen itxiera eta leku aldatzea eskatu zuela udalak ekarri dute gogora, “baina GHK-k ez entzunarena egin zuen, nahiz eta eskaera horrek herritar gehiengoaren babesa zuen”.
Horrenbestez Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioari Txingudi eta Urola Kostako hondakinak Errenteriak jasotzeko erabakian atzera egin dezala nahi dute bi alderdiek eta transferentzia gunea behin betiko itxi eta lekuz alda dezala. Bi alderdien bozkak nahikoak izango dira mozioak aurrera egin dezan.
Kale garbiketaren esleipena
Biharko plenoak, bestalde, kale garbiketa eta hiri hondakinak jaso eta garraiatzeko zerbitzuaren esleipena egingo du, eta 2015eko aurrekontuaren likidazioaren berri emango du.