Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza ematen jarraitzea eskatu diote aldundiari, EH Bilduren aldeko botoekin.
11 zinegotzi izan ziren atzoko plenoan.
Atzo arratsean egin zuten apirileko ohiko plenoa. Zazpi puntu jorratu zituzten bertan. Tartean zen, beste behin ere, San Marko Mankomunitatearen aurrekontuei auzi errekurtsoa jartzea, udalaren eta oiartzuarren kontrakoak direla iritzita. Aurtengo aurrekontuari jartzea erabaki du, aho batez, Oiartzungo Udalbatzak —bozketaren momentuaren EH Bilduko bederatziak eta EAJko Maitane Larruskain zeuden—.
Abenduaren 29an ebatzi zuen mankomunitateko zuzendaritzak udal bakoitzari zegokion ekarpen ekonomikoa zein izango zen. Oiartzungo Udaleko ordezkariak udalerri bakoitzak jasotzen duen zerbitzuaren arabera ordaindu behar duela aldarrikatu zuen, proportzioan eta biztanle kopuruaren arabera. Ez zuten onartu, eta martxoaren 18an aurrera atera ziren aurrekontuak aurrera.
Jexux Leonet alkateak gogorarazi zuenez, 2014 eta 2015eko aurrekontuak auzitara eraman zituzten.
Duela bi urteko aurrekontuaren epaia ebatzi zuen urtarrilean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, eta Oiartzungo Udalari arrazoia eman zion.
DSBL bermatzea eskatu dute
Duela bi aste, Diru Sarrera Bermatzeko Laguntza (DSBL) 2018an kenduko zuela iragarri zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren harira, EH Bilduk udal taldeak mozio bat mahaigaineratu zuen atzoko udalbatzarrean.
Ezkerreko koalizio subiranistak gogorarazi zuenez, 2011n, Eusko Jaurlaritzak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) jaso ahal izateko errolda urte kopurua hirutik bakarrera jaitsi zuen. “Horrek jende asko babesik utzi zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak DBSL jarri zuen martxan, urtebete erroldatuta egotearen baldintzarekin. Beraz, lehenagoko egoerara bueltatuko balira, desagertu egingo litzateke”, azaldu zuten. Horrela, egungo aldundiak “diskurtso xenofoboa” erabili duela salatu zuten (dei efektua delakoa).
Bost puntu zituen EH Bilduren mozioak: Gizarte zerbitzuen erabiltzaile zein langileei babesa adierazten diete; laguntzak jasotzen dituztenak ez erasotzea eskatu dute; aldundiak ez dezala laguntza kendu; DSBE gutxieneko errolda urte kopurua batera jaistea eta hori guztia ahalik eta azkarren egitea.
EAJko Rafael Bergaretxe koalizioaren “akusazio modukoa” deitoratu zuen. “Gureak baino jarrera xenofoboagorik badago beste alderdi batzuetan. Hori nahiko da kontra bozkatzeko”, esan zuen. Gainera, Maite Peña Ongizate diputatuak “inor bazterrean utziko ez dela” adierazi zuela gogorarazi zuen. “Behar duenari emango zaio; utzi gure proiektua aurkezten”, gaineratu zuen.
Gainontzeko puntuak
Ugaldetxo auzoko baserri batean lau etxe eta ostatu bat egiteko proposamena bertan behera utzi du eraikuntza enpresa batek, eta likidazio zerga itzultzeko proposamena aho batez onartu zuten.
Bestalde, Matteoko bidegurutzeko trafikoa ordenatzeko asmorik ba ote zegoen galdetu zion Bergaretxek udal gobernu taldeari. Alkateak baiezkoa erantzun zion, eta aldundiarekin irtenbide bat bilatzeko bileretan ari direla.