Finalean izango da areto futbol taldea, kanporaketa lehiatua gainditu ondoren. Saskibaloi taldeak igandean lau puntuko desabantaila irauli beharko du.
Power Rangersekoek ospatzeko zer eduki nahi dute datorren larunbatean, berriro.
Power Rangers 1896 Gipuzkoako Lehen Mailara igotzeko kanporaketen finalean egongo da. Ostiralean Makax 25 Urte taldea jaso zuen Elorsoron, eta kantxa faktorea baliatu zuten oiartzuarrek. Partida oso lehiatua izan zen. Bisitariak aurreratu ziren eta 0-1ekoarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, markagailua irauli zuten oiartzuarrek. Horri erantzuteko, usurbildarrek atezain-jokalaria atera zuten. Asko sufritu zuen Power Rangers 1896ek, baina hirugarren golak lasaitasuna eman zien. Nahikoa horrekin datorren asteburuan finala jokatzeko. Gipuzkoako
antipodetara joan beharko dute, Aretxabaletara, Cecilia Frutadenda Kebab Lasarteren kontra jokatzea. Larunbatean izango da partida, 12:30etik aurrera. Lasartearrek Gamon Aker liga irabazlea kanporatu zuten (2-4).
Saskibaloian, berriz, Oiartzungo Saskilagunek Grupo Eme Oiarsoren kontra galdu zuten atzo, Errenteria-Oreretako Galtzaraborda auzoko kiroldegian. Hala ere, itxaropenik ez dute galdu, lau puntuko aldeagatik bakarrik galdu baitzuten. Asteburu honetan jokatuko dute itzuliko partida, Elorsoron.
Oiartzun Kirol Elkartearen emaitzei dagokienez, futboleko Ohorezko Erregionaleko taldeak bana berdindu zuen azken aurreko sailkatuaren kontra, eta bigarren taldeak Idiazabalen kontra galdu zuen. Emaitza onena areto futboleko taldeak eskuratu zuen: Gora Bilbao 11-6 jipoitu zuen.
FUTBOLA
Gizonen Erregional Ohorezko Maila
- Oiartzun-Getariako Keta: 1-1.
Gizonen Lehen Erregionala igoera fasea
- Oiartzun B-Idiazabal: 0-2.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Euskal Liga
- Oiartzun-Gora Bilbao: 11-6.
Gizonen Gipuzkoako Bigarren Maila
- Power Rangers-Makax 25 urte: 3-1.
SASKIBALOIA
Gizonen Gipuzkoako Bigarren Maila
- Grupo Eme Oiarso-Oiartzungo Saskilagunak: 55-51.