Larunbat arratsaldean, 110 partidaren ondoren, Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekiko finalak jokatuko dituzte Madalensoron.
Zutik: Zumeta, Antxordoki I, Periko Maiz epailea, Aranjuelo eta Antxordoki II. Makurtuta: Barbulo, Arriaga, Aroztegi eta Matias.
110 pala partida jokatu dituzte Madalensoron, otsaileko lehenengo asteburuan hasita. Hiru partida bakarrik falta dira Girizia elkarteak Josetxo Gamioren oroimenez antolatzen duen pala txapelketaren XIII. ekitaldia buka dadin. Etzi arratsaldean jokatuko dituzte Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekiko Finalak. Ohi bezala, Madalensoron izango dira partidak, 15:00etatik aurrera. Sarrera doan izango da.
Hirugarren mailan, Beloki eta Insausti ordiziarrek osatutako bikoteak Alegria eta Manterola zestoarren kontra jokatuko dute. Bigarren mailan, berriz, Epelde eta Azpiroz —azkoitiarrak dira— Arostegi andoaindarra eta Matias donostiarra izango dituzte arerio. Maila nagusiari dagokionez, Arriaga bizkaitarra eta Antxordoki igantziarra, alde batetik, eta Zabala amezketarra eta Dagerre hondarribiarra, bestetik ariko dira.
Ez dago faborito argirik, maila handia dutelako bikote guztiek, eta gainera, elkarren artean ongi ezagutzen dute. Guztira, 70 bikotek hartu dute parte txapelketan: 16 lehen mailan, 30 bigarrenean eta gainontzeko 24ak hirugarrenean aritu dira. Onenak geratzen dira orain, eta hauek dira finalera iritsi aurretik pasatu behar izan duten azkeneko koskaren emaitzak:
Lehen maila
- Arriaga-Antxordoki/Larralde-Zumeta: 25-11.
- Zabala-Dagerre/Ubeda-Arroniz: 25-23.
Bigarren maila
- Aroztegi-Matias/Barbulo-Aranjuelo: 25-16.
- Epelde-Azpiroz/Berho-Goñi: 25-22.
Hirugarren maila
- Etxabe-Contreras/Beloki-Insausti: 23-25.
- Arruti-Murua/Alegria-Manterola: 22-25.