Ostiko areto futbol taldeak kanporaketetako finala galdu arren, mailaz igotzeko txartela eskuratu du.
Ostiko taldekoak, gotorleku izan duten Beraungo pilotalekuan
3-4 galdu zuen Ostiko areto futbol taldeak Gipuzkoako Bigarren Mailara igotzeko kanporaketetako finalean. Anoeta izan zuen arerio Aretxabaletan jokatu zen areto futbol maratoian. Beti da asegarria garaipena eskuratzea, baina larunbateko porrotak ez zuen zapore hain mingotsa izan.
Izan ere, Ostiko taldeak Bigarren Mailara igotzeko txartela lortu du jada. Finalera iristen ziren bi taldeek ziurtatuta zuten igoera. Hala ere, Anoetak lehen taldea du maila bat gorago, eta ezin izango du igo. Beraz, Zabala-Enea II.ean habia duen taldeak koska bat gorago jokatzeko aukera izango du datorren urtean. Ospakizun ederra egin zuten aurreko astean
egoitza ofiziala duten Sindikato Tabernaren balkoian.