Aurten ere sokamuturra izango da Itaia Kolektiboak antolatutako festan
Egun osoko festa antolatu du Donibaneko Itaia Kolektiboak iganderako. San Isidro, nekazarien patroiaren omenez antolatzen dute Jaizkibelgo festa sanjuandarrek duela hiru urtetik, arrakasta handiarekin.
10:00etan elkartuko dira barrutiko baserrietatik ibilalditxoa egiteko. Gaztelutxora iristean txistorra jatea egingo dute, eta Puskazarreta baserrian baratza bisitatuko dute. Txartiku baserrian, berriz, desafioa izango da, eta Letekoen idiak lagunduta egingo dute Kabittera arteko bidea, han salda hartzeko. Handik Arrokaundietara arteko bidea, kalejiran egingo dute.
Herri bazkaria Arrokaundietan izango da, eta txartelak Pari Berri tabernan jarri dituzte salgai, 5 euroan haurrena, eta 10 euroan helduenak.
Bazkaldu ondoren, nola ez, kantu zaharren saioa izango da, eta 17:00etan sokamuturra haur eta helduentzat.
Txapela jaurtiketa txapelketarekin emango dute bukaera festari.