Lezaman 2-0 galdu arren, Oviedo Modernoren porrotak mailari matematikoki eustea ahalbidetuko dio talde urdinari.
Lezamako harmailak leporaino bete ziren.
Euskal derbia jokatu zuten atzo Lezaman. Oiartzuarrek mailari eutsiko diola jakinarazi zuten bezperan, baina ez ziren zelaira lasai antzean atera. Lehenengo Mailako liderrari, Athletici, hortzak erakutsi zizkioten euren gotorlekuan. Horretarako Oiartzundik joandako hainbat zaleren babesa jaso zuten, sekula ez baitzioten animatzeari utzi.
Talde bakoitza bere papera ongi jokatuz atera zen zelaira. Zurigorriek izan zuten baloiaren jabetza, eta urdinek ongi zaindu zuten Oihana Aldairen ate ingurua, serio. Partidaren hasierako oreka Athleticeko jokalari batek langara botatako baloiak hautsi zuen. Bost minutu beranduago beste aukera bat izan zuten etxekoek. 27. minutuan iritsi zen bizkaitarren lehenengo gola. Ezker hegaletik Eli Ibarra jokalari beteranoak erdiraketa bikaina egin zuen areara eta Ainhoa Vicente Morazak aurrelari peto-peto baten errematea eginez sarera bidali zuen baloia.
Kolpea jaso izanagatik, aurrera egin zuten oiartzuarrek. Esti Bajo aurrelaria basamortuan ura bilatzen saiatu zen Athleticen zelaian. Ongi borrokatu zen aurrelaria, eta jokaldi politak egin zituen erasoan. Athleticen erantzuna Morazaren oinetatik irten zen: Oihana Aldai atezainari —bera ere bikain aritu zen atzo— izkin egin ondoren, gol marratik bertatik atera zuen baloia Esti Aizpuruak.
Bigarren zatian, hobeto
Partida irekiagoa ikusi zen bigarren zatian. Hala ere, uzta jaso zutenak zurigorriak izan ziren. Eli Ibarrak —bera beti— erdiraketa bikaina egin zuen berriro, eta Maite Lizasok inor iritsi ezin zitekeen tokira bidali zuen baloia, buruz loratuta. 50. minutua zen: 2-0.
Ordutik aurrera iritsi ziren Oiartzunen minutu onenak. Aurrera jo zuten, eta atera berria zen Carolek bururaino iritsi ez zen areara sarrera polita egin zuen 60. minutuan. Bi minutu beranduago Jone Bilbao eta Esti Bajoren artean kalitatezko jokaldia josi zuten, emaitzarik jaso gabe. Aukera gehiago izan zituzten bi taldeek, eta Athleticek gorriak eta bi ikusi zituen partida bukatu arte.
Liga bukatzeko hiru jardunaldi besterik ez dira falta, eta Oiartzun Kirol Elkarteko jokalariek gozatzeko aukera izango dute. Datorren igande eguerdian, liga eskuratzeko borrokan dabilen Bartzelona jasoko dute Karla Lekuonan.
Oiartzun Kirol Elkarteko gainontzeko taldeen emaitzak:
FUTBOLA
Gizonen Erregional Ohorezko Maila
- Oiartzun-Zarautz: 3-2. Azkeneko jardunaldia. Zazpigarren bukatu dute liga.
Gizonen Lehen Erregionala 5. eta 6. posturako kanporaketa
- Touring-Oiartzun B: 3-2. Datorren asteburuan jokatuko dute itzuliko partida.
ARETO FUTBOLA
Gizonen Euskal Liga
- Oiartzun-Eraso Aiara: 8-0. Ligako azkeneko jardunaldia.