Irrintzi tailerra, Ibaiondon
Kultur hamabostaldian murgilduta dabiltza egunotan antxotarrak. Plaza dantza ikastaroa lehengo astelehenean hasi zen, eta dantzazaleek gaur dute bigarren saioa, 19:30etik aurrera, Azokan. Atzo, berriz, irrintzi tailerrean bildu ziren hainbat lagunek, eta, bihar, Labore kooperatiba ezagutzeko aukera izango da.
Bazkide bila ari da bertako produktu ekologikoen kontsumoa sustatzeko helburuz osatzen ari den kooperatiba, eta egitasmoa ezagutzera eman asmoz, dastaketa antolatu dute, bertako ekoizleen produktuekin. 19:00etatik aurrera izango da, zumardian.
Sagardo Jaia
Asteburuan, bestalde, kultur hamabostaldiaren barruko klasikoetan klasikoena ospatuko dute. Alkartasuna Dantza Taldeak antolatuta, XXIII. Sagardo Jaia izango da Antxon larunbatean.
Ohi bezala, 18:00etan zabalduko dute txotxa, zumardian, eta sagardoa ez ezik, ez da zer jan faltako. Musika, eta euskal giroa, urtero legez, bermatuta daude.