Portzelana, garai baten isla
Pasaiako portzelana lantegiaren historia jasotzen duen liburua aurkeztu dute aste honetan. Gaur, erakusketa inauguratuko dute Donibaneko Victor Hugo Etxean, udalerriko iragan industrialaren pasarte ezezagunetako bat jasoz.
Pasaian ekoiztutako portzelana, Limogeseko portzelana zen Gaian espezializatutako 150 langile frantses aritu ziren Donibanen laneanDaniel Zuloaga —Ignacio Zuloaga margolariaren osaba—, izan handiko zeramista izan zen eta gaia ikertu duen Arretxearen iritziz, «bera Pasaiara ekartzea gaur egun Messi fitxatzearekin aldera daiteke». Zuloagak Sevresen ikasi zuen, Moncloako fabrika zuzendu zuen, eta Parisko nazioarteko erakusketan parte hartu zuen, besteak beste.
Pasaiako lantegirako, Limogesen erabiltzen ziren labe biribilen planoak eskuratu zituen Zuloagak, eta halako bat Pasaian egiteko proiektua ere sortu zuen. Tamalez proiektu hura ez zen inoiz gauzatu.
Azkenik, 1916. urtean, Oruetak eta Arrietak lantegia erosi zuten altzairua eta aleazioak ekoizteko, eta ordutik aurrera lantegiak ez zuen gehiago portzelanarik sortu.
1923. urtean lantegiko bulegoak eraitsi zituzten ondoan zegoen eskolari jolastokia eman ahal izateko, eta 1927an, Pysbe bakailao enpresak hartuko du gune osoa, Arizabalo jauregia bera barne.
David Zapirain (historialaria): «Iragana erabili nahi dugu etorkizuna proiektatzeko»
Pasaia artea eta ondarearekin lotzea helburu duen Zabaldiya bildumaren zuzendaria da David Zapirain; Pasaiako portzelana lantegiari buruzkoak zergatik jaso dituzten azaldu du. Bidasoa enpresako portzelana oso ezaguna da, baina ez hainbeste Pasaiakoa. Zergatik? Oso bitxia da, tximinia hor dagoelako, erdi-erdian. Baina hori bezala, beste hamaika adibide. Herri honek duen lurra premiagatik orube berberak erabiltzen dira etengabe eta berehala ahazten dugu zer egon den gurean orain dela gutxira arte. Eta gure sustraietara begiratu beharrean, asmatzen dugu edozein abentura fikzioa egia balitz bezala, eta horri segitzen diogu askoz ere errazago. Baignol anaiek sortu zuten Pasaiako portzelana lantegia. Zeintzuk ziren? Nondik zetozen? Europan, portzelanaren ekoizpenaren hastapenetik, negozio horretan dauden enpresari ospetsuak. Europan zehar egiten den portzelana ospetsuena, hein handi batean, Limogeseko portzelana da. Denok entzun dugu edo ezaguna egiten zaigu. Bada, Pasaian egiten zena Limogeseko portzelana zen, Pasaian fabrikatzen bazen ere. Limogesetik etorrita, nolatan aukeratu zuten Baignol anaiek Donibane enpresa kokatzeko? Udalarekin lotzen duten kontratuan abantaila fiskalak lortzen dituzte. Baina hasiera batean pentsatzen bagenuen ere arrazoi nagusia eskulan merkea zela, ez da egia, haiek eskulan kualifikatua ekarri zutelako, edozeinek ezin zuelako lan hori egin aurretik ikasi gabe. Hortaz, pentsatu behar dugu, Pasaiak Akitaniarekin izan duen mendeetako harremana batetik, eta bestetik, Pasaia bera, esportaziorako portu gisa izan duen garrantziagatik kokatu zirela hemen. Hemendik, batez ere, Espainia aldera eramaten zuten portzelana, eta ziurrenik baita Frantzia aldera ere. Pasaiako historian portzelana fabrikaren historia nolabaiteko gako bat da, XVI. eta XVIII. mendeetako itsas trafikoa eta XX. mendean Pasaia izango dena lotzen dituena. Hau da, azken batean, ekoizpen industrialaren hastapena. XIX. mendearen erdialdean zabaldu zuten portzelana lantegia. Nolakoa zen fabrika? Nolakoa garaiko Pasaia? Denok ezagutzen dugu Arizabalo jauregiaren ondoan dagoen tximinia. Hori da azken aztarna. Tximinia, labeak, biltegia eta dekoraziorako atelierra ere muntatu zuten inguruan. Beharbada oraindik biziko da jendea gogoratuko duena Donibaneko Bizkaia auzo hau fabrikaz beteta. Pysbe, ontziolak,… lantegi hau ere, txoko txiki horretan egon den aberastasunaren beste adibide bat da. Baignol anaiek ere, garai hartan, arazoak dituzte. Ontziralekua bertan zegoen, eta jendearen joan-etorriak fabrikaren erditik egiten ziren. Horrez gain, 1870. urtetik aurrera, portuan eraldaketa industriala hastean, beraiek erabiltzen duten orubea beste zereginetara bideratu nahi du, bai Portuak, baita bestelako interesa zuten enpresek ere. Arazoak dituzte bizilagunekin, tximiniak hartzen zuen altueragatik eta sugarrek-eta sortzen zituzten bestelako eragozpenengatik ere. Auzi bat baino gehiago dute. Pasaitar askok lan egin zuten fabrikan. Udalak jarri zuen baldintza bat izan zen bertakoek lan egitea hor, eta horren truke fiskalitatea arintzen zaie, baina, egia da beraiekin ekarri zituztela beren langileak. Aurrerago, eskulan frantsesa lantegitik joan ahala, bertakoek gero eta gehiago parte hartu zuten jardueran, baita kapitala jartzen ere. Fabrikaren bilakaerarekin batera ekoizpenaren kalitatea ere eraldatzen joan zen. Gustuak aldatu egiten direlako, eta ekoizpena handitu ahala, portzelana jada ez delako goi mailako jendearentzako objektua soilik. Pasaiako etxeetan uste duguna baino askoz jende gehiagok ditu fabrika honetako portzelana aleak. Liburuaz gain, erakusketa atondu duzue. Zaila izan al da piezak biltzea? Ez, bat ere ez. Ezagutzen genuen jendea bazituela, eta denei eskertzen diegu parte hartzea. Erakundeetan ere horrelako piezak gordetzen zituzten; aldundian, San Telmo Museoan… Saiatu gara aniztasuna biltzen, bai dekorazioan eta bai formetan, ikusteko objektu bitxi eta politak direla, beste gizarte bat adierazten dutena, eta beste gustu batzuk. Garai bat islatzen dute. Pasaiako Portzelana Zabaldiya bildumaren barruko hirugarren argitalpena da. Zergatik erabaki zenuten zehazki lantegi honen historia jasotzea? Zabaldiya bilduma baliatzen ari gara ondarea eta artea Pasaiarekin hainbat modutara lotzeko. Liburu arinak dira, irudiari tarte handia ematen diotenak. Horrez gain, ez da azaldu beharrik zein den badiaren egoera, eta bereziki Pasaiarena. Horregatik pentsatzen dugu oso-oso inportantea dela jendeak etorkizun hobeago bat irudikatzeko etengabe ereduak ematea, eta horretarako, Pasaian nahi adina adibide ditugu. Hau, azken batean, diseinuzko lan bat da, lan fina, herritarrek egindako lana. Zentzu horretan pentsatzen dugu gure autoestimurako inportantea dela gurean zer nolako lanak egiten ziren erakustea, eta zer nolako oihartzuna zuten eta zein kalitate handikoak ziren jakitea. Historia hau berreskuratzean ez dugu nahi jauzi bat eman iraganera zein polita zen esateko. Iragana etorkizuna proiektatzeko erabili nahi dugu, Pasaian behar hori, oso nabaria delako. Erakusketa Inaugurazioa. Gaur, 19:00etan, Donibaneko Victor Hugon. Datak. Uztailaren 17ra arte. Ordutegia. Asteazkena, osteguna eta ostirala: 17:00-20:00; larunbata: 11:30-13:30 / 17:00-20:00; igandea: 11:00-14:00 Liburua Izenburua. ‘Pasaiako Portzelana’. (Zabaldiya bilduma). Testua. Larraitz Arretxea Sanz. Argazkiak. Juantxo Egaña. Argitalpena. Pasaiako Udala eta Ereiten Kultur Zerbitzuak. Azaleko irudia. Lopez Etxezarreta-Auzmendi sendiaren bildumakoa. Katalanera itzulpena. Pere Ferres Gurt. Diseinua eta maketazioa. eragin.com. Inprimategia. Alzate Grafikak.



