Pasaiako portzelana lantegiaren historia jasotzen duen liburua aurkeztu dute aste honetan. Gaur, erakusketa inauguratuko dute Donibaneko Victor Hugo Etxean, udalerriko iragan industrialaren pasarte ezezagunetako bat jasoz.
Pasaiako Portzelana lantegiak Arizabalon zuen egoitza; gaur egun Tximiniak baino ez dirau zutik.
Donibaneko alde zaharrean sartzean ezinbestean topo egiten du oinezkoak adreiluzko erraldoiarekin. Erdi-erdian dago gorrizta koloreko tximinia, ikusgarri. Aitzitik, eta denen bistan badago ere, ez dira asko kebidearen historia ezagutzen dutenak.
Hutsune horri erantzun asmoz, besteak bete, jaso du Pasaiako portzelana fabrikaren historia
Ereitenek, Pasaiako Udalaren enkarguz. Herenegun aurkeztu zuten liburua, eta gaur, gai berari lotutako erakusketa zabalduko dute Donibaneko Victor Hugo Etxean, Pasaiako portzelana lantegian ekoitzitako piezak bilduta.
Baignol anaiek sortu zuten Pasaiako portzelana lantegia, 1851 urtean. Argitalpenaren arduradun Larraitz Arretxeak liburuaren aurkezpenean jakinarazi zuenez, Etienne Baignolen bilobak ziren Pasaiara etorritako anaiak, Limogeseko lantegi ospetsuaren sortzailearen bilobak, hain zuzen. Donibaneko lantegia 1915 urtera arte izan zen martxan.
Pasaiako portzelana lantegia Arizabalo jauregian kokatua zegoen, egungo udaletxean. Bertan orea prestatzen zuten, eta piezak modelatu eta dekoratu. Ondoko lur sailetan, berriz, labea eta lehortegiak zeuden. Egun, baina, adreiluzko tximinia besterik ez da geratzen zutik.
Lantegiko langile gehienak pasaitarrak ziren, baina lehenbiziko urteetan, lan horretan espezializatutako artisau frantsesak ere aritu ziren lanean Donibanen. Guztira, 150 langile frantses ekarri zituzten Donibanera Baignol anaiek. Arretxeak zehaztu zuenez, gainera, lantegiaren hasierako urteetan ekoitzi zen Pasaian kalitate handieneko portzelana, frantsesak bertan zirela.
Zehazki, 1851. urtetik 1878. urteen artean. Aldea, batez ere, portzelanaren urre eta margoen kalitatean igartzen dela azaldu zuen Arretxeak, eta denboran hoberen kontserbatu diren piezak orduan sortutakoak direla ohartarazi zuen.
Limogesekoaren berdina
Pasaian ekoiztutako portzelana Limogesekoa da, «berdin-berdina», aurkezpenean Miriam Cano kultur zinegotziak zehaztu zuenez. Ez erabilitako teknikan, ez dekorazioan, ez dago alderik. Han ikasitakoa, bertan aplikatu besterik ez zuten egin Baignoldarrek. Horregatik, Limogesen sortutako pieza bat edota Pasaian ekoitzitakoa eskutan hartuz gero, ez dago bakoitzaren jatorria ezberdintzerik.
Bizkaia plazan zegoen portzelana fabrika, gerora Pysbek hartuko zuen orube berean
Berezitasun bakarra antzeman dute ikerlariek: forma oktogonala duten piezak. Dirudienez, halakorik oraingoz soilik Pasaian sortutakoen artean topatu dituzte.
Gainbehera
Urteak igaro ahala, baina, Pasaian ekoiztutako portzelanaren kalitatea gainbeheran hasiko da. «Urrea ez da gehiago lodia, mamitsua eta distiratsua izango, eta forma eta dekorazioak ere asko sinplifikatu zituzten». Hala ere, komeni da aipatzea, Limogesen ere antzera pasatu zela. Hau da, kalitatearen gainbehera orokorra izan zen, eta ez soilik Pasaiako ekoizpenari lotutakoa.
1858. urtean Baignoldarrek enpresaren 3/4ak saldu zituzten, eta Fausto Etxeberria bazkide hartu zuten. Lau urte geroago, beren zatia are gehiago banatu eta Petra Garbuño eta Pedro Albarellos sartu ziren jabetzan, 1878 urtean Baignoldarrek sortutako enpresa erabat desegiten den arte.
Ondoren Fussadek —langile ohia frantziarra— eta Ramon Llanosek hartu zuten enpresaren gidaritza, baina lantegiaren eta udalaren arteko harremana zeharo gaiztotua zegoen ordurako. Hori gutxi balitz, zorrak medio, enpresaren ondasunak bahitu egin zituzten.
Lantegiaren porrotak jada ez zuen atzera bueltarik. Hala ere, bertako enpresariek ez zuten berehalakoan etsi, eta jardueraren aldeko apustua egin zuenik ere izan zen.
Zuloaga, azken saiakera
Goraipatzekoa da, bereziki, azken urteetan Camara eta Garbizu bazkideek egin zuten ahalegina. Ekoizpena modernizatzen saiatu ziren, eta horretarako, 1906 urtean Daniel Zuloaga zeramista lantegiaren zuzendaritzan jarri zuten.
Pasaian ekoiztutako portzelana, Limogeseko portzelana zen
Gaian espezializatutako 150 langile frantses aritu ziren Donibanen lanean
Daniel Zuloaga —Ignacio Zuloaga margolariaren osaba—, izan handiko zeramista izan zen eta gaia ikertu duen Arretxearen iritziz, «bera Pasaiara ekartzea gaur egun Messi fitxatzearekin aldera daiteke». Zuloagak Sevresen ikasi zuen, Moncloako fabrika zuzendu zuen, eta Parisko nazioarteko erakusketan parte hartu zuen, besteak beste.
Pasaiako lantegirako, Limogesen erabiltzen ziren labe biribilen planoak eskuratu zituen Zuloagak, eta halako bat Pasaian egiteko proiektua ere sortu zuen. Tamalez proiektu hura ez zen inoiz gauzatu.
Azkenik, 1916. urtean, Oruetak eta Arrietak lantegia erosi zuten altzairua eta aleazioak ekoizteko, eta ordutik aurrera lantegiak ez zuen gehiago portzelanarik sortu.
1923. urtean lantegiko bulegoak eraitsi zituzten ondoan zegoen eskolari jolastokia eman ahal izateko, eta 1927an, Pysbe bakailao enpresak hartuko du gune osoa, Arizabalo jauregia bera barne.
David Zapirain (historialaria): «Iragana erabili nahi dugu etorkizuna proiektatzeko»
David Zapirain historialaria, eta Zabaldiya bildumaren zuzendaria
Pasaia artea eta ondarearekin lotzea helburu duen Zabaldiya bildumaren zuzendaria da David Zapirain; Pasaiako portzelana lantegiari buruzkoak zergatik jaso dituzten azaldu du.
Bidasoa enpresako portzelana oso ezaguna da, baina ez hainbeste Pasaiakoa. Zergatik?
Oso bitxia da, tximinia hor dagoelako, erdi-erdian. Baina hori bezala, beste hamaika adibide. Herri honek duen lurra premiagatik orube berberak erabiltzen dira etengabe eta berehala ahazten dugu zer egon den gurean orain dela gutxira arte.
Eta gure sustraietara begiratu beharrean, asmatzen dugu edozein abentura fikzioa egia balitz bezala, eta horri segitzen diogu askoz ere errazago.
Baignol anaiek sortu zuten Pasaiako portzelana lantegia. Zeintzuk ziren? Nondik zetozen?
Europan, portzelanaren ekoizpenaren hastapenetik, negozio horretan dauden enpresari ospetsuak. Europan zehar egiten den portzelana ospetsuena, hein handi batean, Limogeseko portzelana da. Denok entzun dugu edo ezaguna egiten zaigu. Bada, Pasaian egiten zena Limogeseko portzelana zen, Pasaian fabrikatzen bazen ere.
Limogesetik etorrita, nolatan aukeratu zuten Baignol anaiek Donibane enpresa kokatzeko?
Udalarekin lotzen duten kontratuan abantaila fiskalak lortzen dituzte. Baina hasiera batean pentsatzen bagenuen ere arrazoi nagusia eskulan merkea zela, ez da egia, haiek eskulan kualifikatua ekarri zutelako, edozeinek ezin zuelako lan hori egin aurretik ikasi gabe.
Hortaz, pentsatu behar dugu, Pasaiak Akitaniarekin izan duen mendeetako harremana batetik, eta bestetik, Pasaia bera, esportaziorako portu gisa izan duen garrantziagatik kokatu zirela hemen. Hemendik, batez ere, Espainia aldera eramaten zuten portzelana, eta ziurrenik baita Frantzia aldera ere.
Pasaiako historian portzelana fabrikaren historia nolabaiteko gako bat da, XVI. eta XVIII. mendeetako itsas trafikoa eta XX. mendean Pasaia izango dena lotzen dituena. Hau da, azken batean, ekoizpen industrialaren hastapena.
XIX. mendearen erdialdean zabaldu zuten portzelana lantegia. Nolakoa zen fabrika? Nolakoa garaiko Pasaia?
Denok ezagutzen dugu Arizabalo jauregiaren ondoan dagoen tximinia. Hori da azken aztarna. Tximinia, labeak, biltegia eta dekoraziorako atelierra ere muntatu zuten inguruan.
Beharbada oraindik biziko da jendea gogoratuko duena Donibaneko Bizkaia auzo hau fabrikaz beteta. Pysbe, ontziolak,… lantegi hau ere, txoko txiki horretan egon den aberastasunaren beste adibide bat da.
Baignol anaiek ere, garai hartan, arazoak dituzte. Ontziralekua bertan zegoen, eta jendearen joan-etorriak fabrikaren erditik egiten ziren. Horrez gain, 1870. urtetik aurrera, portuan eraldaketa industriala hastean, beraiek erabiltzen duten orubea beste zereginetara bideratu nahi du, bai Portuak, baita bestelako interesa zuten enpresek ere. Arazoak dituzte bizilagunekin, tximiniak hartzen zuen altueragatik eta sugarrek-eta sortzen zituzten bestelako eragozpenengatik ere. Auzi bat baino gehiago dute.
Pasaitar askok lan egin zuten fabrikan.
Udalak jarri zuen baldintza bat izan zen bertakoek lan egitea hor, eta horren truke fiskalitatea arintzen zaie, baina, egia da beraiekin ekarri zituztela beren langileak. Aurrerago, eskulan frantsesa lantegitik joan ahala, bertakoek gero eta gehiago parte hartu zuten jardueran, baita kapitala jartzen ere.
Fabrikaren bilakaerarekin batera ekoizpenaren kalitatea ere eraldatzen joan zen.
Gustuak aldatu egiten direlako, eta ekoizpena handitu ahala, portzelana jada ez delako goi mailako jendearentzako objektua soilik. Pasaiako etxeetan uste duguna baino askoz jende gehiagok ditu fabrika honetako portzelana aleak.
Liburuaz gain, erakusketa atondu duzue. Zaila izan al da piezak biltzea?
Ez, bat ere ez. Ezagutzen genuen jendea bazituela, eta denei eskertzen diegu parte hartzea. Erakundeetan ere horrelako piezak gordetzen zituzten; aldundian, San Telmo Museoan… Saiatu gara aniztasuna biltzen, bai dekorazioan eta bai formetan, ikusteko objektu bitxi eta politak direla, beste gizarte bat adierazten dutena, eta beste gustu batzuk. Garai bat islatzen dute.
Pasaiako Portzelana Zabaldiya bildumaren barruko hirugarren argitalpena da. Zergatik erabaki zenuten zehazki lantegi honen historia jasotzea?
Zabaldiya bilduma baliatzen ari gara ondarea eta artea Pasaiarekin hainbat modutara lotzeko. Liburu arinak dira, irudiari tarte handia ematen diotenak.
Horrez gain, ez da azaldu beharrik zein den badiaren egoera, eta bereziki Pasaiarena. Horregatik pentsatzen dugu oso-oso inportantea dela jendeak etorkizun hobeago bat irudikatzeko etengabe ereduak ematea, eta horretarako, Pasaian nahi adina adibide ditugu. Hau, azken batean, diseinuzko lan bat da, lan fina, herritarrek egindako lana. Zentzu horretan pentsatzen dugu gure autoestimurako inportantea dela gurean zer nolako lanak egiten ziren erakustea, eta zer nolako oihartzuna zuten eta zein kalitate handikoak ziren jakitea.
Historia hau berreskuratzean ez dugu nahi jauzi bat eman iraganera zein polita zen esateko. Iragana etorkizuna proiektatzeko erabili nahi dugu, Pasaian behar hori, oso nabaria delako.
Erakusketa
Inaugurazioa. Gaur, 19:00etan, Donibaneko Victor Hugon.
Datak. Uztailaren 17ra arte.
Ordutegia. Asteazkena, osteguna eta ostirala: 17:00-20:00; larunbata: 11:30-13:30 / 17:00-20:00; igandea: 11:00-14:00
Liburua
Izenburua. ‘Pasaiako Portzelana’. (Zabaldiya bilduma).
Testua. Larraitz Arretxea Sanz.
Argazkiak. Juantxo Egaña.
Argitalpena. Pasaiako Udala eta Ereiten Kultur Zerbitzuak.
Azaleko irudia. Lopez Etxezarreta-Auzmendi sendiaren bildumakoa.
Katalanera itzulpena. Pere Ferres Gurt.
Diseinua eta maketazioa.
eragin.com.
Inprimategia. Alzate Grafikak.