Hizkuntzak ezagutu gabe, horiekin eroso aritzeko aukera eskaintzen du ‘forvo.com’ erremintak. Munduko ahoskera hiztegi handiena da Oiartzunen sortu eta egun Errenteria-Oreretako Torrekuan egoitza duen proiektua.
forvo.com ahoskera hiztegirik handiena da une honetan.
Gaur hasiko da Eurokopa, eta horrekin batera kirol esatari askorentzat buruhausteak ere helduko dira. Nola ahoskatu Poloniako selekzioko Artur Jedrzejczyk atzelariaren abizena, edo Errusiako selekzioaren jokalari Georgi Schennikov jokalariarena? Forvo.com webgunean dute erantzuna. Bertan 325 hizkuntzetako hitzak aurkituko dituzte, eta garrantzitsua dena, nola ahoskatu behar diren.
Felix Vela Forvo erremintaren sortzaile eta sustatzaileetako bat da. 2008an sortu zuten Velak «ahoskeraren wikipedia» gisa definitu duen erreminta: «Gure inguruko jendeak egunerokoan erabiltzen ditugun hitzak, batez ere teknologia mundukoak, ez zituela behar bezala ahoskatzen ohartu ginen: Google, Flickr… Enpresa batean lanean ari ginen, eta tresna txikia sortzea erabaki genuen hitzak behar den moduan ahoskatzeko».
Behin erreminta garatuta, hitz guztietara estrapolatu zitekeela ohartu ziren, eta erabilera handiagoa eman zioten. Tresna txikia izan behar zuena, hainbeste hizkuntzaren gaineko ahoskera erregistroa eskaintzen duen munduko bakarra bihurtu da.
Bezero objektiboak bi motatakoak direla esan du Velak: «Ohiko erabiltzaileak dira batzuk, hitz baten ahoskera konkretua entzuteko beharra dutenak hizkuntza jakin bat ikasten ari direlako. Enpresetakoak dira besteak. Azken horiek sinonimo hiztegiak edo on line itzultzaileak dituzte, baino ez ahoskerak, eta txertatu nahi izaten dituzte».
Munduan hiru jarraitzaile handi ditu Forvok: Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Whitepages, translate.ru Errusiako itzultzailerik handiena, eta Youdau Txinako itzultzailerik handiena. Trafiko gehiena Espainiako Estatutik kanpokoa dela zehaztu du gainera, %98.
Doako zerbitzua
Bi modutan egin ditzake kontsultak erabiltzaileak: forvo.com webgunean sartuta, edo Android eta iPhonetarako sortu duten App-a jaitsita. Hitzak bakarrik entzun nahi badituzte, interesatzen zaiena bilatu eta entzun dezakete. Tokian tokiko hiztunek egindako ahots grabazioak dira Forvorenak, eta horretarako, mundu osoan barrena 400 editore dituztela esan du Velak. «Webguneari kalitatea ematen diote», gaineratu du, «gaizki dauden hitzak editatu edota ezabatu egiten dituzte. Editore horien lana ezinbestekoa da, azken batean, guk ez dakigulako txineraz hitz jakin bat nola ahoskatzen den».
Garrantzia handia eman die editoreei. Izan ere, erabiltzaileen komunitateak elikatzen du tresna, musu-truk eskaintzen dion dedikazioa eta lanari esker. Horretara animatu ditu Velak Forvoren erabiltzaileak, «behin interesatzen zaien hitza entzunda, beren grabazioak egitea garrantzitsua da. Are gehiago euskararen kasuan, ez ditugulako nahi beste erregistro, eta zoragarria litzatekeelako ugaritzea».
Grabazioak egiteko garaian jendea erregistratzea garrantzitsua dela gaineratu du tresnaren sustatzaileak. «Horrela geoposizionatzeko aukera dugu, azentoa lokalizatu ahal izateko», zehaztu du. «Errenteriako hiztunek eta Goierrikoek ez dute berdin ahoskatzen, Estatu Batuetako, Australiako edota Ingalaterrako hiztunek ingelesa berdin ahoskatzen ez duten bezala. Erabiltzaileak hitza bilatzen duenean, gizonaren edo emakumearen grabazioa entzun nahi duen aukera dezake, baita zonalde konkretu bat ere».
325 hizkuntzetako hiru miloi eta erdi ahoskeratik gora biltzen ditu Forvok
Oiartzunen sortutako egitasmoak, duela hilabete pare batetik Errenteria-Oreretako Torrekuaren bigarren solairuan du egoitza, teknologia kreatiboen atalean. Sortzen ari diren proiektuei aholkularitza egiten diete, «guk izandako hanka-sartzeak saihesteko». Oarsoaldetik mundura jauzi egin zuen aspaldi, eta besteak beste, Time magazinak munduko webgune onenen rankinean 50. postuan kokatu zuen Forvo 2013. urtean. Horren harira, komunikabide ugari jarri ziren haiekin harremanetan, «futboleko Munduko Koparen kasuan oso argia da. Beti dago ahoskatzea kostatzen zaien jokalariren baten abizena». Horren harira, ekitaldien atala sortu dute, eta besteak beste Eurokopan jokatuko duten selekzio guztietako hamaikakoen zerrenda osatu dute, eta izenez izen nola ahoskatzen diren azaldu.
Hizkuntzarik kontsultatuenak ingelesa, errusiera, txinera, gaztelera, alemaniera eta frantsesa dira. Tartariarraren kasua nabarmendu du Velak: «Pertsona bakarrak 250.000 ahoskera grabazio egin ditu».
Hizkuntza gutxituak
Forvok alde erromantikoa ere baduela esan du Velak. Hizkuntza gutxituak bizirauteko tresna ere ba omen da eta: «Hizkuntza horiek ez desagertzeko modua da. Horien historiko bat izango da aplikazioan, audioekin osatutako agiritegi zabala».
Hiru miloi eta erdi ahoskeratik gora ditu Forvok egun, «minorizatutako hizkuntzak indartu nahi ditugu orain». Horren harira, berriz ere aipatu du euskara, eta hiztunak animatu proiektuarekin bat egin eta audioak grabatzera.