Pasaiako Ogi Berri Azkuene Triatloi Taldeko sei kidek 100 kilometroko lasterketa bati, mendikoa, egingo diote aurre asteburuan, Madrilen. 32 orduko muga dute hori egiteko

Talde bat, helburu bat. Hori da lasterketaren leloa. Ogi Berrikoek bat egin dute horrekin.
Erronka, abentura, erokeria baten batentzat. Pasai Antxoko kirol talde batek 100 kilometroko proba bat egingo du asteburuan, mendikoa, Madrilgo Guadarramako mendilerroan. Bihar 09:00etan abiatuko dira Lozoya herritik, eta hara berriro iristeko 32 ordu dituzte parte hartzaileek: taldeak sei kidekoak dira, lauk martxa egin behar dute, eta beste bi laguntzaile modura lanean izango dira. Baina baldintza bat derrigorrezkoa da: lau korrikalariek 100 kilometroak egin behar dituzte, denek. Intermon Oxfam gobernuz kanpoko erakundea laguntzeko da lehia, Oxfam Trailwalker Madrid izenekoa.
Pasaiako taldea sei emakumek osatzen dute, Ogi Berri Azkuene Triatloi Taldeko kideak denak. Berezitasun bat: sei horietatik lau ahizpak dira. Honakoak partaideak: Ana Cruz, Inma Cruz, Eli del Pozo eta Edurne Jauregik egingo dute martxa, eta laguntzaile modura Josune Cruz eta Gema Cruz ibiliko dira. Hankak egoera onean bakarrik ez, arima ere egoki izatea komeni da gisa horretako balentriari aurre egiteko. 100 kilometro, gora eta behera.
«Animoz gainezka gaude, gogo eta ilusio handiz», esan du?Ana Cruzek, korrikalarietako batek. Prestaketa lan betean dabiltza egunotan, kirol arropaz gain, osagarri asko eraman behar dituztelako soinean proba bitartean: hidratazioa, botikina, bidearen azalpenak, argiztapena… «Gauza asko eraman behar ditugu. Dena kontrolatua izan nahi dugu, ezin du ezerk huts egin», Cruzen arabera.
Taldekideek eskarmentua dute triatloietan, mendiko lasterketetan, edo asfaltoko krosetan. Baina zer bultzatu du kirolari kuadrilla hau hainbeste kilometroko proba bat egitera? Erantzuna garbi du Cruzek: «Distantzia luzeko zerbait egiteko asmoa nuen, taldekideei azaldu nien proba hau egiteko aukera zegoela, eta zalantzak gainetik kendu, eta animatu ginen».
Kirol taldea izaki, ohiko lasterketak egiten nahiz entrenamendu bereziak egiten pasatu dute urtarrila eta ekaina arteko denbora, Ogi Berri Azkueneko kideek ez baitituzte albo batera utzi hainbeste gustuko dituzten herri kros eta gisa horretako herri lasterketak, «saiatu gara, egin ohi dugun moduan, inguruko proben egutegia betetzen. Baina noski, egin ditugu entrenamendu bereziak Madrilgo erronka prestatzeko. Ondo goaz. Gure asmoa da 18-20 orduan bukatzea. Hori espero dugu, egitea, eta pozik bukatzea, gustura. Nekearekin, noski, kontatzen dugu. Baina buruarekin egin nahi dugu dena, ondo bukatuz».
Laguntzaileak
Lau korrikalari eta bi laguntzaile. Azken horietakoa da Gema Cruz. Euren lana garrantzitsua izango dela esan du, «seiko talde bat gara. Lanik handiena korrika ibiliko diren laurek dute, baina gu haiekin egongo gara bide osoan dauden anoa guneetan —sei daude—, behar duten guztia emateko. Sortuko zaizkien arazo guztiak konpontzen saiatu behar dugu, laguntzen, eta babesa ematen». Gauzak aldez aurretik prest izatea, hor jarri du Cruz ahizpetatik nagusienak euren zeregina egoki joan dadin baldintza bezala. Hala izango da.
Eta seitik lau, ahizpak dira taldean: «Niretzat ohorea da hori. Ez dut korrituko, baina oso pozik nago hau guztiarekin. Sekulakoa izaten ari da. Jendeak etenik gabe galdetzen dit ea noiz hasiko den lasterketa, eta nola dagoen dena… Polita izaten ari da. Baina zaila izango da». Izan ere, Madrilgo San Sebastian de Los Reyes herrian bizi da Gema, Guadarramako mendilerrotik ez askora, «hori hainbat lan aurreratzeko baliagarri izan da. Dena ezin da handik [Pasaiatik] eraman».
Ahizpa zaharrenak konfiantza handia du korrikalariengan, jakin arren egin dituzten kirol proben artetik orain arteko latzena izango dela.
Elkartasun helburua
Larunbatean hasiko den 100 kilometroko erronkak elkartasun helburua du: Oxfam Intermon GKEren alde dirua biltzeko da.?Horregatik, talde bakoitzak —orotara 175 daude— gutxienez 1.500 euro bildu behar izan ditu Trailwalker izeneko proba horretan parte hartzeko.
«Donazio horiek», azaldu du Ana Cruzek, «lankideek, lagunek, ezagunek, gozotegiko bezeroek —taldearen izena Ogi Berri Azkuene gozotegitik dator, Trintxerpen dago—enpresek eta herritarrek oro har egin dizkigute. Eskerrak eman nahi dizkiegu lagundu gaituzten guztiei. Uste baino errazago lortu genituen beharrezkoak ziren 1.500 euro horiek, baita pasatu ere. Babes handi hori gabe hau guztia egitea ezinezkoa litzateke».