Txatarraren trafikoaren gainbeherak eragin du beherakada.
Produktu siderurgikoen trafikoaren gorakada nabarmendu du Portu Agintaritzak.
Portu Agintaritzak jakinarazi duenez, trafikoari dagokionez, maiatza bitarteko metatua, 2015eko baino % 6,8 txikiagoa da, txatarraren trafikoaren beherakadaren ondorioz. “Zumarragako ArcelorMittalen planta aldi baterako itxiko zela jakin zenetik, txatarra trafikoaren iragarpen okerrenak betetzen ari dira”, adierazi du Portuak. Aurten txatarraren trafikoa 300.000 tonakoa izan daitekeela aurreratu dute, iaz 750.000 tonakoa izan zen bitartean.
Kontrako norabidean siderurgia produktuak daude. % 20ko igoera izan dute, Portu Agintaritzak zehaztu duenez, “Olaberriako ArcelorMittaleko plantako altzairuzko perfilen esportazioa eta bobinen eta txapen inportazioa batuta”. Erritmoa mantenduz gero, aurten 1,5 milioi tonako siderurgia-trafikoa lortu ahal izango dela uste du Portuak. Nabarmendu dutenez, soilik 2003an, 2008an eta 2010ean gainditu zuten kopuru hori.
Arrain deskargen hazkundea
Autoen trafikoak ere % 13,4 egin du gora, Mercedes eta General Motors-en esportazioen ondorioz, eta esanguratsua izaten ari da ere arrantzaren deskargen bilakaera. Portuak nabarmendu duenez, % 30 hazi da 2016ko maiatzekoa 2015eko maiatzekoarekin alderatuz gero, eta % 20 urteko lehen bost hilabeteetako metatua kontuan hartuta. Harrapaketen hazkundea baxurako flotan nahiz alturakoan gertatu dela ohartarazi du Portuak.
Jatorrizko eta helmugako herrialdeei dagokionez, azkenik, Portuak jakinarazi du Alemania dela Pasaian deskargatutako salgaien jatorrizko herrialde nagusia, eta Suedia ondoren. Erresuma Batua da, aldiz, Pasaian kargaturiko salgaien helmuga nagusia.