Pasaian, Trintxerpeko Ziriza etxean zabalik da Art Ride III erakusketa igandera bitartean.
Motoen bilduma ikusgarriak daude Ziriza etxean, Art Ride erakusketan
Gurpilak eta olatuak. Moto zaharrak, artea, skate, surfa….
Vintage kulturaren zaleak zorioneko dira,
Wheels & Waves jaialdian bete-betean murgilduta. 2010ean sortu zutenetik, Miarritzen izan du egoitza nagusia jaialdiak, eta, asteazkenaz geroztik, ehundik gora karpa zabalik dira han. Horrez gain, surf txapelketa egiten ari dira Milady hondartzan, eta, hondartza ondoan, skate parke bat atondu dute jaialdirako propio. Urtetik urtera, baina, hedatzen eta handitzen ari da jaialdia, eta, duela bi urtetik, Jaizkibel mendia motozaleen topaleku izan da
Punk’s Peak lasterketari esker. Aurten, beste urrats bat egin, eta Gipuzkoako beste hainbat tokitara hedatu da jaia, igandera bitarte.
Beste bi egoitza topatu ditu jaialdiak: Pasaian bat, eta Donostian beste bat. Lasarteko hipodromoan egin dute aurten lehenbizikoz
El Rollo izeneko
flat track lasterketa —herenegun, derrapatzeen, hautsaren eta ezinezko maniobren maitaleen gozagarri izan zen—. Pasaian,
Art Ride III erakusketa zabalik da gaurtik igandera arte, Trintxerpeko Ziriza etxean. Marka ezagunenetako motoak ikusteko aukera izango da egunotan: BMW, Royal Enfield, Yamaha, Deus… Guztira, 40tik gora ibilgailu, bi, hiru eta lau gurpilekoak; eta, horiez gain, objektu bitxiak, surf oholak, argazki ugari eta ikus-entzunezkoen emanaldiak.
Antzinako ibilgailuen erakusketa osatzeko, nazioarteko zenbait artistak beren lanak zintzilikatu dituzte Trintxerpeko bakailao fabrika izandakoan. Guztira, hamabi artistak hartuko dute parte Art Ride erakusketan; tartean, Nuts ilustratzaile japoniarra, Jay Nelson surflari eta artista plastikoa, amerikar eta
custom estetikan espezializatutako Larry Nieheus argazkilaria eta 1999. urtean Espainiako Argazkilaritza Sari Nagusia jaso zuen Alberto Garcia-Alix. Art Ride III erakusketa 11:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, etenik gabe. Sarrerak 5 euro balio du.
Algortako (Getxo, Bizkaia) skate parkearen gaineko historia ezagutarazteko argitaratu berri duten La Kantera lana ere aurkeztuko dute Zirian, erakusketa txiki baten bidez. Argazkiak, kartelak, skate taulak, marrazkiak… askotariko materiala bildu dute Europako
bowl enblematikoenetako baten historia ezagutarazteko asmoz.
Pasaiako erakusketak patxadarako aukera eskainiko badu, Jaizkibel mendia adrenalina zaleen topaleku izango da gaur, 11:00etan. 128 motorzalek parte hartuko dute lasterketan, lau kategoriatan, motoen antzinatasunaren arabera sailkatuta. Lasterketa garai bateko paradorearen inguruan izango da, 14:00etatik 17:00etara. Lasterketa aurretik, baina, Jaizkibel ingurua bisitatuko dute motozaleek, horretarako propio antolatutako zeharkaldian. Lasterketak bukatuta, Hondarribira jaitsiko dira, 20:00 aldera. San Pedro eta Butroi pasealekuan aparkatuko dituzte moto guztiak.
Sancho Rodriguez (Art Riden arduraduna): “Jaialdia erreferente eztabaidaezina da motoen kulturarentzat”
Sancho Rodriguez, Art Riden produkzio arduraduna, Zirizan, erakusketa muntatu bitartean.
Sancho Rodriguez (Irun, 1974) Surfilmfestibal zinema jaialdiaren zuzendaria da, eta Art Ride III erakusketaren produkzio arduraduna. Ez du zalantzarik Wheels & Waves jaialdiko erakusketetan ikus daitezkeen bildumek merezi dutela, eta sinetsita dago Ziriza Etxea toki aparta dela horiek erakusteko.
Nondik sortu zen Wheels & Waves jaialdia abiatzeko ideia?
Jaialdia motorraren kulturaren, surfaren eta skatearen ospakizun bat da. Kolektibo oso txiki batek ekin zion antolakuntzari, orain dela sei urte inguru. Motoan ibiltzeko elkartzen zen jendea zen, beti moto zaharrekin,
vintage-kin. Ez zuten inoiz lasterketarik egiten, soilik zeharkaldiak, paseoak leku politetan. Kolektiboa, berez, Tolosakoa da [Okzitania], eta Miarritzen hasi ziren topaketa egiten, surfaren munduarekin zuten harreman handiari eraginez.
Jaialdia asko handitu da urte gutxiren bueltan.
Bai. Bilakaera handia eta azkarra izan da. Mugimendu txiki bat zen, baina eztanda egin du, arlo guztietan. Prestaketa lanak, eskulangintza, diseinua… moda handi bat sortu da, estilo oso bat. Orain dela hiru urte hasi ziren Punk’s Peak lasterketa egiten, eta, aurten, erakusketa handi hau Ziriza Etxean.
Eta nolatan ari dira Gipuzkoarantz hedatzen?
Hasieratik dute harreman handia Hegoaldearekin, motoekin askotan ibiltzen zirelako hemengo itsasertzean.
Berritasun garrantzitsuak aurkeztu ditu aurten jaialdiak. Zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Gu Surfimfestibal gara, eta harreman handia dugu sustatzaileekin hasieratik. Urtero antolatzen da Art Ride erakusketa, motorrekiko pasioa irudikatzeko asmoz: irudietan, argazkietan, pinturan, objektuetan,
vintage motoetan. Oso erakusketa garrantzitsua da, eta gu aspalditik genbiltzan erakusketa hau hemen antolatu ahal izateko leku baten bila. Leku handia eta arina izan behar zuen, eta gogoratzen ginen 2006. urtean Zirizan egin zen Manifestarekin. Oroitzapen horrekin, Pasaiako Udalarera jo genuen, proiektua aurkeztera. Begi onez ikusi zuten, eta, sustatzaileei tokia erakutsi genienean, bat egin zuten.
Asteburuan Pasaiako Art Ride III erakusketa bisitatzen duenak zer topatuko du?
1898. urteko triziklo bat, 1918. urteko Harley bilduma, eta, batez ere, moto
vintage-n bilduma oso-oso bereziak. Horrez gain, Nuts artistaren pinturak, eta kartel amerikar zaharrak antzinako estetikak jasoz. La Kantera proiektua ere guretzat oso proiektu berezia da, Algortako skate parkea mundu guztian ezaguna baita, ikono bat. Jon Amiano, Jabi Mendizabal eta Fernando Elvira skaterrek liburu oso berezi bat egin dute historia hau guztia jasotzeko, eta espazio berezi horretan aurkeztuko da.
Tokiko hainbat eragilek ere parte hartuko dute erakusketan.
Bai, La Kantera egitasmoaz gain, Motoclub Gipuzkoak ere parte hartuko du Lasarteko zirkuituaren argazki mitikoekin, eta erakusketa oso berezi batekin. Horrez gain, tokiko bildumazaleek beren motoak erakutsiko dituzte. Ez badirudi ere, hemen inguruan jende askok ditu bilduma handiak, eta horietako asko Zirizan izango dira asteburuan, beren motoak erakutsi eta bildumak aurkezten. Wheels & Waves jaialdia munduko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat da gaur egun, erreferente eztabaidaezina motoen kulturarentzat.