Oiartzungo Udalak Lanin egitasmoa martxan jarri du, enpresa txiki eta ertainetan euskararen normalizazioa bultzatzeko. Diagnosia egiten ari dira.
30 lagun inguru —tartean hamar enpresari— hurbildu ziren Lanin egitasmoaren aurkezpen bilerara, maiatzaren 19an
Oarsoaldeko herririk euskaldunena da Oiartzun. Alde handiz, gainera. Euskararen normalizazioa oso altua da udalerrian.
Aitziber Arnaiz euskara teknikariak udalekuen adibidea jarri du: “Garai batean Euskara Zerbitzuak antolatu zituen udalekuak, eta oraindik herri askotan horrela funtzionatzen du”. Orain Oiartzunen, normalizatua dagoelako, dagokion udal sailak antolatzen du. “Normalizatzen den heinean”, zehaztu du, “gauzek bere bidea hartzen dute, bestela ez dute zentzurik”.
Onartu du Oiartzunen, gaur egun, hutsune asko daudela oraindik. Horietako bat da sozioekonomiaren alorrean, enpresena. Horra iristeko zailtasunak aitortu ditu Arnaizek: “Dimentsio handia du arlo horrek: 50tik beheragokoak 500 dira, eta 3.000 langile baino gehiago daude. Gure baliabideak mugatuak dira, eta arrazoi askorengatik, ez gara nahi bezain beste iritsi”.
Udalak arloa ukitu ez izanagatik, enpresetan euskararen presentzia ez da mortua. Arnaiz: “Gure ustez, euskara enpresetan sartzen ari da. Enpresarientzat, kalitatearen izenean, balio erantsia du euskarak. Lehen euskaldunon kimera bat zela zirudien, baina enpresariak horrekin konturatzen ari dira”.
OLA, lehen olatua
Euskararen normalizazioaren bidean, orain arte aurrerapausorik handienak administrazioa edo eskolaz kanpoko jardueretan egon direla gogorarazi du Ioritz Aizpuru Oiartzungo Euskara zinegotziak. Orain arte, arlo sozioekonomikoan, merkataritza eta ostalaritzari zuzendutako egitasmoaz gain, enpresa handiei zuzendutako OLA plana izan zen aitzindaria.
2003an abiarazi zuten, eta udalerriko bost enpresa engaiatu ziren bertan: ABB Niessen, Tajo, SJL Garraioak, Arabolaza Eraikuntzak eta Otegi-Gaztañaga Eraikuntzak. Geroztik, Alcampo eta Carrefour hipermerkatuek eta Iparbusek ere bat egin dute egitasmoarekin.
Udaleko ordezkarien esanetan, “halabeharrak” bultzatu ditu enpresa horiek euskara planak proposatzera. Batzuetan, itzulpenak eskatu dizkietelako. Bestetan, kontratazioetan hizkuntza irizpideak jarri izanak sortutako betebeharretan laguntza eskatu dietelako.
2009an, Lantokiko Prestakuntza Euskaraz egiteko egitasmoa jarri zuten martxan, eta praktiketan ari diren Lanbide Heziketako ikasleen artean euskara bultzatzeko planean hiru enpresak hartu zuten parte: EasoMotor, Niessen eta LurAuto.
Paisaia doitu beharra
OLA plana, baina, enpresa handiei zuzenduta zegoen. Horrela, Aizpuruak nabarmendu duenez, hutsuneak zeuden enpresa txiki eta ertainetan. 10.000 biztanle inguruko udalerrian 3.000 langilek gisa horretako enpresetan lan egitea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Gainera, zinegotziak berak gogorarazi duenez, lanaldi osoko lana dutenek eguneko ordu gehienak lantokian pasatzen dituzte.
Eta lantokia izan gabe ere, herritar guztiak biltzen ditu jarduera ekonomikoak: langileak, enpresariak, bezeroak… Horregatik, Aizpururen esanetan, garrantzitsua da euskarak presentzia izatea, paisaiaren parte izatea. “Adibidez, Alemaniara joaten zarenean, zer da ezberdina den lehenengo gauza? Dena alemanez dagoela, beste hizkuntza batean ari direla”, esan du.
Helburuak
- Eragindakoen unibertsoa identifikatuko da: Oiartzunen lanean ari diren 50 langiletik beherako enpresak.
- Motibazio eta komunikazio kanpaina diseinatu eta gauzatuko da, herriko eta sektoreko eragileen parte hartzea sustatzeko.
- Egoeraren diagnostikoa egingo da: erabileraren egoerari buruzko datuak jaso eta hori hobetzeko enpresen beharrak eta nahiak identifikatu.
- Udalak eskain ditzakeen zerbitzuak diseinatuko dira; baita horiek enpresetara helarazteko hiru urteko ekintza plana ere. Helburuekin eta eskaintzekin batera, egitura, horren funtzionamendua eta beharko diren baliabideak aurreikusiko dira.
Udalerri euskaldunetan, —”zorionez”, Arnaizek baietsi duenez—, gehiago nabaritzen da hizkuntza paisaia euskalduna. “Eta gainera diru laguntza jasotzen badute, are hobeto”, esan du Euskara teknikariak. Horrela, duela 11 urteko gertaera azaldu du: “Ihurritako bidean hasi ziren fatxadak aldatzen, eta gutun eta dei baten bitartez, lortu genuen errotulazioa euskaraz jartzea. Jarrera ona erakutsi zuten hango enpresek”.
Ioritz Aizpuru Euskara zinegotzia eta Aitziber Arnaiz Euskara teknikaria.
Izan ere, askotan, enpresariari euskararen gaiaz momentu batez pentsaraztea besterik ez dela egin behar ziurtatu dute biek.
Hori da Lanin egitasmoaren helburua: enpresariari euskararen garrantziaz ohartaraztea. “Guk ere jaso nahi dugu zer egiteko prest dauden eta zeren laguntza behar duten, edo zein zerbitzurena”, azaldu du Arnaizek. Horrela, kanpaina soil bat egin beharrean, sei hilabete hauek sindikatuekin eta herritarrekin —ere— hitz egiten pasatuko dituzte, ikusten dituzten beharrak jasotzeko asmoz.
Ikusi, eta egin
Lanin izena urrira arte iraungo duen faseari jarri diote. Hala ere, ez dakite ondoren datorrenak ere izen hori eramango duen. Diagnosi fasean murgilduta daude, oraindik ez baitago ezagutza zehatzik, udalarentzat “eremu arrotza” delako, Arnaizen arabera. “Askotan, usteak erdia ustel. Agian guk baino askoz gehiago dute egina, eta behar dutena da orain arte egin duten hori promozionatzea eta ikusgarri egitea”, esan du. Edo alderantziz: “Uste dugu errotuluak eta abar behar dituztela, eta azterketa egin ondoren, konturatzen gara beste behar batzuk dituztela”. Datu horiek guztiak hartu eta hainbat esparrutako profesionalek osatutako Languneak aztertuko ditu, hiru urtetarako plana diseinatu baino lehen. Udalak kontratutako Ahize-AEK arduratuko da horretaz, enpresak bisitatzeaz gain.
Plana anbiziotsua da. Oiartzungo Udalak bere kabuz egingo du, Oarsoaldeko gainontzeko udalerriekin elkarlanean aritu gabe. “Elkarrekin gauza asko egin ditzakegu», zehaztu du Arnaizek, «baina Oiartzun herri euskalduna da, Lezo gutxiago eta Errenteria-Orereta eta Pasaia are gutxiago. Bakoitzak bere erritmoa behar du”. Iragarri du plana esportatuko dutela, ongi ateraz gero.
Aldundiak planarekiko interesa badu, eta aste honetan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Sailburuordetzarekin bilera egin dute. “Lanin egitasmoak badu aitzindaritza puntu bat, baina horrek ez du esan nahi beste tokietan lan egiten ez dutenik”, argitu du euskara teknikariak. Hala ere, enpresa txiki eta ertainekin mota horretako prozesu bat egiten duen lehen herria da Oiartzun.
Langunearen bilerak
- Hilak 30: Enpresetan jasotako datuak eta funtzionamendu prozesuak aztertu, beharrak eta aukerak identifikatu. (Bilera guztiak kiroldegiko bilera gelan, 19:00etatik aurrera).
- Uztailak 14: Hobetzeko aukerak proposatu.
- Urriak 14: Eskainiko diren zerbitzuak adostu.
Langunearekin batera
- Hilak 14: Enpresekin bilera, Niessenen, 12:00etan.
- Hilak 15: Enpresekin bilera, Luberrin, 19:00etan.
- Hilak 16: Enpresekin bilera, Carrefourren, 19:00etan.
- Hilabete hauetan zehar: Motibazio kanpaina. Enpresa guztiei galdetegia bidaliko zaie, eta horietako hamabosti bina bisita egingo zaizkie.
- Urriak 27: Datozen hiru urteetan garatuko den planaren aurkezpena, 19:00etan, pleno aretoan.
Amaia Iparragirre (Iparbus): “Euskara neurri batean dugu normalizatua, baina asko dago egiteko”
Zergatik egin du bat, Iparbusek, OLA Planarekin ?
Gure enpresetan 2012 an hasi ginen Euskara Plana lantzen, Ekialdebus enpresarekin (2011n sortua), eta leku berean gaudenez, Herribus (1990) eta Iparbusekin (1963) ere neurri berberak jarri ditugu martxan.
Batetik, gure herrialdean euskara areagotzeko eta bultzada txiki bat emateko. Bestetik, kalitazteko zerbitzu bat emateko gure bezeroei, berak aukeratzen duen hizkuntzan hitz egiteko.
Hortik aurrera, lehendabizi, diagnostikoa egin zen hiru enpresetan zenbatekoa zen ezagutza, erabilera eta bestelakoak jakiteko. Helburuak finkatu eta poliki-poliki betetzen joan ginen: hizkuntza irizpideak zehaztu, hizkuntza paisaia zeharo aldatu, webguneetan euskarari eman lehentasuna… Ekialdebusen, adibidez, hasieratik horrela dago. Behin lanean hasita, eta pausu batzuk emanda, Bikain Ziurtagiria lortu genuen 2014an.
Zein gabezia ikusten zenituzten euskararen alorrean?
Garraioaren mundua betidanik oso erdalduna izan da, eta horrek pixkanaka-pixkanaka euskalduntzen joan behar du.
Harremanak, bai bezeroekin, hornitzaileekin, edo administrazioarekin, gero eta gehiago euskaraz izatea nahi dugu. Horrez gain, kalitatezko zerbitzua eskaini nahi diegu gure bezeroei.
Bulego mailan, idatzi eta oharrak ateratzean, hitz teknikoekin zailtasunak genituen baita ere, eta hori zuzendu nahi genuen.
Nola konpondu dituzue gabezia horiek? Zein zerbitzu jasotzen dituzue ?
EMUNen aholkularitza jasotzen dugu 2012 urteaz geroztik. Oiartzungo Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzekin, pixkanaka-pixkanaka, urtero, zerbait gehiago egiten dugu. Gidarientzako, gida liburuxka egin genuen, oinarrizko esaldi eta hitzekin. Gainera, oinarrizko ikastaroak nahi dituzten gidariei ere laguntzen zaie, baita euskalduntzen ari direnei ere. Egun bulegoan ia denak euskaldunak gara, eta gure bezeroekin, hornitzaile euskaldunekin, eta administrazioarekin harreman gehienak euskaraz dira.
Beraz, euskara normalizatua al dago zuen enpresan?
Neurri batean bai, baina oraindik asko dago egiteko.
Mikel Urdangarin (Ahize-AEK): “Enpresa txikiek plan egonkorrik ez dute, oso zaila egiten zaielako”
Lanin egitasmoa lantzen hasiberri zarete.
Oraintxe enpresa batetik nator. Beraiek gauza asko egin dituzte azken urteetan: kontratazioan kontuan hartzen dute euskara maila, eta ahal duten neurrian errotulazioan ari dira lanean. Plan egonkorrik ez dute, oso zaila egiten zaielako. Gauza puntualak egiten dituzte.
Oiartzungo Udala jabetuta zegoen horrelako egoerekin. Enpresa handietan errazago dute jendea liberatzea.
Lehenengo diagnosi fasea bukatuta, zer eskainiko du Laninek?
Seguraski zerbitzu eskaintza bat egingo da. Eskaintza hori diseinatzeko prozesu parte hartzailea egingo dute, eta bezero horien ekarpenak jasoko dira. Inkestak egingo dira, batetik. Unibertso osoari inkesta bidaliko zaio. Horretaz gain, enpresa batzuetara ere bisita egingo dugu. Arlo ezberdinetako enpresak bisitatuko ditugu, tamaina ezberdinetakoak… Enpresa sentsibilizatzeko balioko du alde batetik, eta bestetik, informazioa jasotzeko. Hamasei enpresa, gutxienez, bisitatzeko asmoa daukagu.
Zein da jaso duzun lehenengo inpresioa?
Oraindik goiz da balantzea egiteko, baina aurkezpenaren egunean 30 pertsona egon ziren. Hamar ziren enpresariak, eta kopuru hori, beren kabuz, aurkezpen publiko batera etortzea positiboa da. Interesa badagoela erakusten du horrek. Giroa sortzen ari da. Enpresa zenbat eta errotuago egon herrian, orduan eta identifikazio handiagoa dago.
Galdetegiak, bisitak… Ondoren zer egingo duzue?
Hortik jasotako informazioarekin, lantalde irekian, proposamenak landuko ditugu. Muga bat izan daiteke udalak berak zenbateko baliabideak izango dituen, edo beste administrazio batzuek aporta dezaketena.
Enpresa handientzako badaude diru laguntzak, baina enpresa txikientzako ahalegin handia da. Ordu asko behar dira diru laguntzak eskatzeko, edo aplikazio bat betetzen, eta ordu horiekin gauza asko egin daitezke. Jasotako informazioa Langunera bideratuko da.
Herritarrei ere galdetegi bat bidali zaie, whatsapp bidez, posta elektroniko bidez edo udalaren webgunera igota. Eragile batzuekin hitz egiten ari gara, haiek beste herritar batzuei ere bideratu diezaioten galdetegia: ikastetxeek gurasoei, sindikatuek langileei… Herritar guztiei iristea bermatzea oso zaila da, hala ere. Behetik gora jasoko dira ekarpenak.
Agian, badaude enpresa batzuk gainontzeko enpresei zerbitzu ematen dietenak: garraio enpresak, diseinukoak, biltegiak… Edozer. Ez dakigu oraindik zeri eman lehentasuna: industriaguneei, sektoreari… Fokoa non jarri behar dugun erabaki behar dugu.
Garaia ere kontuan hartu behar da. Urte osoa ala egun zehatz batzuk? Orain egon naizen enpresan esan didate eurek urte osoan ezin dutela egin, eta udaberri partean —egun batzuetan bakarrik— egin dezaketela. Horrelako gauzak informazio erabakigarriak izan daitezke.