Kirurgia txikia eta traumatologia zerbitzua kendu dituztela salatu dute; ginekologia zerbitzua ere arriskuan dela ohartarazi dute.

Migel Marti Torrea, Oihane Oronoz eta Haritz Perez, San Pedroko osasun zentroaren ondoan.
Osasun Sailak Trintxerpe-San Pedroko osasun zentroko kirurgia txikia eta traumatologia zerbitzuak kendu dituela salatu du Pasaiako EH Bilduk, eta ginekologia zerbitzua ere kolokan dagoela ohartarazi dute. Murrizketen ondorioz bertako herritarrak Lartzabal eta Donostiako osasun zentroetara bideratzen ari direla salatu du EH Bilduk, “osasun zerbitzuetara sarbidea eta hurbiltasuna, oztopatuz eta urrunduz”.
“EAJko ordezkariek aho betez iragartzen dituzten Pasaialdeko birgaitze eraikuntza proiektu handi horien atzean, herritarrek, berriz ere lehentasunen artean ez daudela atsekabez ikusi behar dute”, kexatu da koalizio abertzalea, eta egoera Pasaia osoan kezkagarri dela salatuz: “Donibanen famili mediku zerbitzua besterik ez dago, eta Antxoko Osasun Zentroak behin behineko barrakoietan jarraitzen du, Eusko Jaurlaritzak Luzuriagako Bigarren faseari ekin nahi ez diolako”.
EH Bildu egoerari honi irtenbidea bilatzeko lanean ari dela iragarri dute, ” bai Gasteizeko Parlamentuan, bai Batzar Nagusietan baita Pasaian bertan ere”.