Transferentzia gunea itxi eta lekualdatzeko mankomunitatearen zuzendaritzaren borondate politikoa nahikoa litzateke Errenteriako Udalaren ustez.

Markoko transferentzia guneak jasotzen jarraituko du Urola Kostatik eta Txinguditik heldutako hondakinen kamioiak
Txingudi eta Urola Kostako hondakinak San Markoko transferentzia gunean jasotzeko
baimena beste hiru hilabetez luzatzea erabaki zuen San Marko Mankomunitateak atzo. Gogor salatu du erabakia Errenteriako Udalak, eta behin behinekoa zen erabakia mugagabe bihurtuko dela esan du. San Marko Mankomunitatearen zuzendaritzaren jarrerak erakusten du hala izango dela udalaren iritziz, “oso argi utzi du zuzendaritzak Zubietako errauste planta ez den beste aukerarik ez duela aztertuko. Horrenbestez, Errenteriak egoera guztiz bidegabea bizi beharko du, balizko errauste plantaren bahitu izango gara, eta errenteriarrok ez dugu hori merezi”.
Udalak behin baino gehiagotan eskatu izan du San Markoko transferentzia gunea itxi eta lekualdatzeko, 2014 urtean ere hala egin zuen. Eskaera hori ez dela “utopikoa” esan du, “ezin da esan ez dela teknikoki edo ekonomikoki bideragarria. Transferentzia gunea itxi eta lekualdatzeko mankomunitatearen zuzendaritzaren borondate politikoa nahikoa litzateke”.
Mankomunitateak hartutako erabakia “txarra” dela gaineratu du udalak, eta transferentzia gunea itxi eta lekualdatzeko helburuari “tinko eutsiko” diola erantsi du, “herritarren interesen alde egiten duen erakundea garelako”. Mankomunitatearen kudeatzaileak ere herritarren interesen alde egitea espero duela esan du udalak amaitzeko, “zoritxarrez, orain arte egin dituztenak ikusita, bestelako asmoak dituzten dirudien arren”.