Haurtzaro Ikastolako Abesbatza eta Zaritxo eta Zariagaz abesbatzek hartuko dute parte Oarsoaldea Kantari Jaialdiaren bigarren aldian.

Olaizola, Insasusti, Dorronsoro eta Elizasu.
Oarsoaldea Kantari Jaialdia hartuko du asteburuan Maria Magdalenaren Basilikak bigarrenez, Maria Magdalena Kultur Elkarteak antolatuta. Gaur goizean aurkeztu dute Jose Luis Insaustik, Izaskun Olaizolak, Imanol Elizasuk eta Maddalen Dorronsorok. Lehenengo biak, elkartearen ordezkariak dira; Elizasu, Zariatxo eta Zariagaz abesbatzen zuzendaria; eta Dorronsoro, Haurtzaro Ikastolako Abesbatzaren zuzendaria.
Jaialdiaren barruko lehen emanaldia ostiralean antolatu dute. Oiartzungo Haurtzaro Ikastolako Abesbatzak egingo du emanaldia basilikan bertan 19:00etan hasita. Iazko ikasturtean sortu zen abesbatza eskolaz kanpoko ekintzen barruan eta parte hartzaileak Lehen Hezkuntzako lehenengo mailatik hasi eta seigarren mailara arteko ikasleak dira. Hamabost lagunek osatzen dute abesbatza. Ibilbide laburrekoa izanik ere “ilusioz” ari direla bertan abesten esan du Dorronsorok: “gogotsu ari dira lanean. Ostiralekoa, Oiartzundik kanpo egiten dugun lehen emanaldia izango da eta eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaileei aukera eskaintzeagatik”.
Mozart, Fauré eta Prokofieffen lanak abestuko dituzte oiartzuarrek, eta baita Mikel Urdangarin eta Xabier Zabalaren abesti bana. Mirrix Katua ipuin musikalarekin osatuko dute emanaldia. Kontzertuan zehar, Errenteria Musikaleko Haize Taldeak emanaldia egingo du, gainera.
Larunbatean, Zariatxo eta Zariagaz
Errenteria-Oreretako
Zariatxo eta Zariagaz abesbatzen txanda izango da larunbatean. 20:00etan hasiko da kontzertua, basilikan, eta 70 haur eta gazte ariko dira. “Emanaldia lasai hasiko dugu, errepertorio sakro batekin, eta beste erritmo batean amaitu”, esan du Elizasuk. Urtebete ez du bete oraindik Zaria Koru Eskolak, eta Elizasuk eskerrak eman dizkie Maria Magdalena Kultur Elkarteko kideei abesbatza jaialdian txertatzeagatik.
Iaz lehen aldiz antolatutako jaialdiak harrera ona izan duela herritarren artean nabarmendu du bere aldetik Insaustik, “hori da bigarrenez antolatzearen arrazoia”. Oarsoaldea Kantari, jaialdi propioa dela gaineratu du Insaustik eta kultura ezinbestekoa dela ere esan du, “herrien bizitza garatzeko motorea da, azken batean”.
Herritarrak parte hartzera eta jaialdiarekin gozatzera deitu dituzte antolatzaileek, azkenik.