Larunbatean batzarra deitu du #U23 Faktoriak, Kuadrillen Eguneko Asanbladak, madalenetan antolatzen duen bazkariaren gainean hitz egiteko.
Kuadrillak, kalean, dantzan, arratsaldeko desfilean iazko #U23 Egunean
Larunbatean batzarra deitu du #U23 Faktoriak, Kuadrillen Eguneko Asanbladak, madalenetan antolatzen duen bazkariaren gainean hitz egiteko. Bazkari horretarako 1.500 txartel atera dituzte eta dagoeneko denak agortu dira. Txartelik gabe gelditu dira hainbat lagun, eta zehazki, horietako batek
Change.org plataforman eskaera abiatu du. Denbora oso gutxian txartela guztiak agortu direla eta jende asko gelditu dela egun hortaz lagunekin disfrutatzeko aukerarik gabe dio eskatzaileak, eta txartela gehiago nahi dituztela salgai esan du. 268 lagunek egin dute bat dagoeneko eskaera horrekin.
Abiatutako eskaeraren aurrean, oharra argitaratu du #U23 Faktoriak. Egoerari irtenbidea eman nahi dio eta horretarako batzarra deitu du etzi 12:00etan Agirre Lehendakariaren plazan (Arenala). “Batzarraren helburua, gure arrazoiak plazaratzea eta bertaratzen direnen iritzia jasotzea da”. Oharrean gogora ekarri du Kuadrillen Eguneko Asanbladak, aurten ere 1.500 sarrera jarri dituela oreretar guztien eskura, “denok izan dugu txartel horiek eskuratzeko aukera, ez da gure erantzukizuna batzuk txartel gabe gelditu izana. Dena den, gu ere ez gaude pozik bazkaririk joan ezinik zenbat jende gelditu den ikusita”.
Txartel gehiago eskatzea “erraza” dela gaineratu du kuadrileen egunaren antolaketaz arduratzen den faktoriak, “horrek ordea, arazo galanta sortzen du espazio aldetik, eta batez ere, giza baliabide eta logistika aldetik. Non sartuko gara denok? Zeinek hartuko du lan hori?”.
Ariketa ere proposatu du faktoriak, Oreretako Kuadrillen Egunaren bilakaera aztertzea, “25 urte dira sortu zutela oreretar ero batzuek, zertarako eta jaiaz auzolanean bizitzeko, eta ez nork bere zilborrari begira jai indibidualistetan; zertarako eta herritik herriarentzat egindako ospakizuna izateko. Horiek dira gure jaiak, eta seguru gaude horrek eman diola Oreretako #U23ari gaur egun duen nortasun berezi hori”.
Mende laurden luzean egindako bidean, “olatu gaineko aparretan ibiltzeko moduko garaiak, eta 40 txoro bakarrik elkartu gareneko bazkariak” izan dituztela gaineratu dute. Urte luze horietan guztietan antolaketan gazte asanblada, txosna batzordea eta #U23 Faktoria txandakatzen joan dira, lekukoa hartzen, “baina beti filosofia berari jarraituta: asanblada irekietan antolatzen dugu dena, eta publiko egiten ditugu gure erabakiak”. Balioetan sakrifizio batzuk ere egin behar izan dituztela aitortu dute antolatzaileek, “egunak gaur egun duen tamaina izan dezan. Beti auzolanean moldatzen ginen bazkaria prestatzeko, herriko plazako parrillada dela, kalderete lehiaketan dela… orain berriz, paelleroek prestatzen dute”.