San Miguel Ligako lehen bandera etxera ekarri du Hondarribiak. Lehenengo zartakoa, berdeena izan da.
Hondarribia, lehen bandera eskuan.
Hemen gaude. Kontuz gurekin. Hondarribiak San Miguel Ligako lehen bandera irabazi zuen atzo Sevillan, Euskadi Basque Country bandera. Garaikurra etxera ekartzearekin batera abisu zehatza eman zuten berdeek: garaipenen olatutik ez direla jaitsi, eta zaila izango dutela besteek bertatik Ama Gudalupekoa jaitsiaraztea. Batetik bat. San Juan bosgarrena izan zen, eta San Pedro hamaikagarrena.
San Miguel Ligaren webgunean ikus daiteke sailkapen osoa.
Estropada eremua berria eta ezezaguna izanagatik ere Hondarribiak ez zuen barkatu. Ezustekorik ez du nahi. Kontrolpean izan nahi dute hasieratik liga. Badaezpada. Berriz ere La Caixa koroa iragazteko puntuak pilatu nahi dituzte, eta hamabinaka bada, hobe. Baina Guadalquivir ibaiko estropada ez zen erraza izan, izan ere, lehen bi ziabogetan berdeek baino denbora hobea egin zuelako bigarren txandan aritu zen Astillerok: hortaz, begiak kronoan eta Urdaibain jarrita izan zituzten hondarribiarrek estropada osoan. Hirugarren ziabogan jada estropada buru ziren berdeak, eta azkenean, askogatik ez izan arren, bandera etxera. Joseba Amunarriz berriz ere ontziaren goialdean bandera astintzen. Urdaibai ia lau segundora sailkatu zen, eta Astillero hirugarrena seira.
San Juango trainerua, Sevillan.
San Juanek ere behetik gorako estropada egin zuen, bigarren txandan abiatuta (txanda bakoitzean binaka atera ziren traineruak). Hasieran gogor borrokan, gero errazago arraunean, eta azkenean bosgarren izan ziren arrosak. Hasteko emaitza ona, bigarren gipuzkoarra izanda Orioren aurretik.
San Pedro, Guadalquivir ibaian.
San Pedrok zalantzekin hasi du liga, ordea. Hamaikagarren izan ziren Sevillan, Zumaia soilik atzean utzi zutelarik. Atzo zail izan zuten arraunkera egokia topatzea, eta hurrengo estropadetarako (uztailaren 2an da San Miguel Ligako hurrengo estropada) margena baduten arren, erne ibili daitezela moreak hasieratik sailkapenaren zuloan ez sartzeko. Aurrera egingo dute, ziur.