EH Bilduri hondakinak kudeatzeko "seriotasun falta eta ardura eza" leporatu dizkio.
Hondakinen tasa %10 igoko duela jakinarazi zuen joan den astean Errenteriako Gobernu Taldeak. Azken 20 urteetako hondakinen kudeaketa “lotsagarria” eta “desegokiak” eraman duela gobernu talde erabakia hartzera azaldu zuen eta gogor salatu, gainera, Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioaren (GHK) batzar orokorrak EAJ eta PSE-EEren gehiengoarekin errauste plantaren proiektua berriro martxan jartzeko erabakiak eragin eta ondorio zuzenak dituela udalarengan eta herritarrengan, “mankomunitateei kobratzen dien tasa %20 igo duelako”.
PSE-EEk “demagogia” egitea leporatu dio gobernu taldeari orain, eta EH Bilduri hondakinak kudeatzeko “seriotasun falta eta ardura eza” leporatu dizkio. Hondakinen tasen igoerak ez duela errauste plantarekin zer ikusirik gaineratu du alderdi sozialistak, “azpiegitura bakarra ere ez dugu Gipuzkoan eta horrek hondakinak kanpora eramatera behartzen gaitu. Horrek prezioak garestitzea dakar”. Tasen igoeraren atzean, EH Bilduren aldundia kudeatzeko “modu arduragabea eta diru publikoaren erabilera okerra” daudela esan du PSE-EEk.