Igandean, IV. Herri Triatloia, Xanju Kirol Klubak antolatuta
San Joan Jaien barruan antolatu du proba kirol klubak.
10:00etan hasiko da proba, Santiago plazatik abiatuta. Izen-ematea ordubete lehengo zabalduko dute, plazan bertan, doan. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, proba erraza izango da, publiko orokorrarentzat egokia.
Igeriketan hasiko dute proba parte hartzaileek, plaza inguruan. Ondoren bizikletak hartu eta herriari bira emango diote, Meipiraino. Meipitik plazara arteko bidea, azkenik, korrika osatu beharko dute.
Aurten, bakarka ez ezik, taldeka ere izango da parte hartzeko aukera, hirukoteak osatuta.
Haurren proba
Helduen proba bukatuta, haurrak lehiatuko dira. Bi kategoria antolatu dituzte, 8 urtetik 10era eta eta 11 urtetik 13ra bitartekoak. Gazteagoek ere parte hartzeko aukera izango dute, adinaren arabera antolatutako taldetxoetan eta beraientzako propio atondutako ibilbidean.
Proba amaituta opariak banatuko dizkiete parte hartzaile guztiei eta oparien zozketa ere izango da. Ondorengo establezimenduek eman dituzte opariak: Pari-Berri, Bare-Bare Lekuona, Yola Berri, Ontziola taberna, Albaola Itsas Faktoria, Makilezzo, Eroski bidaiak, Juandanburu Harategia, eta Groseko La Plaza taberna.
Azkenik, sanjuandarrei probaren antolakuntzarako emandako laguntza eskertu eta proba bitartean eragin daitezkeen eragozpenengatik barkamena eskatu du Xanju Kirol klubak.
