Errenteriarren beharrei erantzuna ematea duela lehentasuna bere alderdiak esan du Peñak

Maite Peña EAJko bozeramailea
Legealdiak urtebete bete duenean balantze gazi gozoa egin du alderdi jeltzaleak: “Pozik gaude udalean egin ditugun eta aurrera atera diren ekarpenengatik. Horietako batzuk martxan dira, beste batzuk berriz, epe laburrean izango dira martxan. Tamalez beste ekarpen batzuk ez ditu aintzat hartu ufdal gobernu taldeak”.
EAJk, era “eraikitzailean” jardun duela esan du Maite Peña bozeramaileak, “baina egindako hainbat proposamen gainetik pasa ditu gobernu taldeak gehiengo osoa baliatuta”. Errenteriarren beharrei erantzuna ematea duela lehentasuna bere alderdiak gaineratu du Peñak, “alde batera utzita, borroka politiko eta postureoetan oinarritutako eduki eskaseko deklarazioak, eta horregatik proposamen ugari eraman ditugu udalera: hainbat konponketa egiteko eskaera, liburutegiko ordutegia zabaltzea, trafiko arloko hobekuntzak edo txakurrentzako parkea, besteak beste”.
Gobernu taldeari “denbora galdu izana” leporatu dio bestalde, “sarritan liskar politikoei, herritarrei baino arreta gehiago jarri baitie”. Madalen kalearen egoerari erraparatu dio azkenik Peñak eta “ordenantza bete araztea” ezinbestekotzat jo du jeltzaleak, “gure herria txukun mantentzeko. Baina ez dirudi EH Bildu eta Errenteria Irabazizen lehentasuna direnik, gure herria betetzen duten pintadak eta kartelak ez dituztelako kentzen”.