Oarsoaldeko lau udalek bat egin dute gaurko manifestazioarekin
Indarkeria matxistak atzo eragindako lau heriotzak deitoratuta, herritar guztiak deitu dituzte biharko protestarekin bat egitera.
Errenteria-Orereta, Lezo, Pasaia eta Oiartzungo udalek, Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak eta Pasaiako Emakumeen mahaiak bat egin dute gaur Oarsoaldeko Mugimendu Feministak deitu duen manifestazioarekin. Indarkeria matxistak herenegun eragindako lau heriotzak deitoratuta, herritar guztiak deitu dituzte gaurko protestarekin bat egitera. Indarkeria matxistaren aurkako jarrera “aho batez eta jendaurrean” agertuko dutela esan dute: “Horrelako jarrerak ez ditugu onartzen gure gizartean, eta erakunde, elkarte eta herritarrok, lanean jarrituko dugu, emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen”. Hildakoen familiei “elkartasunik beroena”helarazi diete bestalde. Lezon ere, elkarretaratzea Oarsoaldeko Mugimendu Feministak deitutako manifestazioarekin bat egitearekin batera, Lezoko elkarteek Gasteiz eta Angeluko heriotzak salatzeko gaur bertan egingo duten elkarretaratzearekin bat egitera ere deitu dute lau udalek, Errenteriako Berdintasunerako Kontseiluak, eta Pasaiako Emakumeen mahaiak. Gurutze Santuaren Plazan egingo dute elkarretaratzea 20:45ean. Lezoko Udalak gainera, adierazpen instituzionala egin du. Gertakarien gaineko erabateko gaitzespena erakustearekin batera, edozein eraso sexistaren aurrean “zero tolerantzia” adierazi du: “Indarkeria sexista mota guztiak errotik ateratzeko borondatea agertzen dugu, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunaren eta patriarkatu menperatzaile baten emaitza baitira”.