[Argazkiak eta bideoa] Aldarrikapenek bete dute sanpedroen hasiera
LGTBI kolektiboaren eskubideen defentsa ez ezik, euskal presoen hurbiltzea aldarrikatu zuten herritarrek txupinazoan.
Egun handia dute gaur San Pedron, patroiaren eguna. Bart hasi ziren festak, txupinazo koloretsu eta alaian. Jai giroa, hala ere, igarri zitekeen suziria eztanda egiterako, moreek herriko plaza bete zutelako aurretik kalez kale ibili zen haurren danborradaren laguntzaz.
Sanpedrotarra Futbol Elkarteak bota zuten atzo jaien hasiera iragartzeko suziria, eta gazte futbolarien eskutik poza gailendu zen berehala herriko plazan. Herriari eskerrak eman eta “Gora San Pedro!” oihuaz eman zioten hasiera jaiei.
Hala ere, suziria jaurtitzeko minutu batzuk falta zirela alkateordetza barruan tentsio uneak izan ziren, alkateorde Nahikari Oterminek balkoian zintzilik zegoen euskal presoen hurbilketaren aldeko aldarria kentzea erabaki zuenean. “Eraikin publikoetan halako ikurrek tokirik ez dutela” argudiatu zuen Oterminek. Alkateordeak aldarria kendu eta berehala ordezkoa zintzilikatu zuten plazatik balkoira igo ziren herritarrek, txalo artean.
Sexu eta identitate aniztasunaren alde
Suziria eztanda egin eta berehala gay, lesbiana, bisexual eta transgeneroen bandera koloretsua zabaldu zuten balkoian, Migel Mari Torrea zinegotziak LGTBI kolektiboaren aldeko manifestua irakurri bitartean. Jarraian, herriko abeslari Esti Etxeberriak girotu zuen ekitaldia, Imagine eta Show must go on zuzenean interpretatuta, indartsu, koloretako puxikek plaza betetzen zuten bitartean.
