Zaborraren tasa %10 igoko du udalak
EH Bilduk eta Errenteria Irabaziz alderdiek aurretik salatu zutena mantendu zuten, EAJ eta PSE-EEk babestutako errauste plantaren proiektuak eragin duela igoera.
Zaborraren tasa %10 igotzea eta hondakin organikoak gaika biltzen dituzten herritarrei %10era igotzea hobaria onartu zuen atzo plenoak Errenteria Irabaziz eta EH Bilduren aldeko botoekin. PSE-EEk eta EAJk proposamenaren kontra egin zuten. Sei puntu aztertu zituen plenoak ohiko saioan atzo, baina zaborren gaineko gaiaren ezatabaidak eman zuen denbora gehien. EH Bilduk eta Errenteria Irabaziz alderdiek aurretik salatu zutena mantendu zuten, EAJ eta PSE-EEk babestutako errauste plantaren proiektuak eragin duela igoera. Izan ere Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioaren (GHK) batzar orokorrak EAJ eta PSE-EEren gehiengoarekin errauste plantaren proiektua berriro martxan jartzeko hartutako erabakiakeragin eta ondorio zuzenak dituela udalarengan eta herritarrengan esan zuten atzo gobernu taldea (EH Bildu eta Errenteria Irabaziz) osatzen duten bi alderdiek, “mankomunitateei kobratzen dien tasa %20 igo duelako. Errefuxaren tasa %17 igo du, eta organikoarena berriz, %48”. Errenteriak, ondorioz, 183.000 euro gehiago ordaindu beharko dizkio GHKri. Udalak igoera horri aurre egitea zaila duela gaineratu du gobernu taldeak. Izan ere, gaur egun, hondakinen tasarekin zerbitzuaren kostearen %62 estaltzen da soilik. GHKren aldaketarekin, tasen bidez jasotako diruarekin zerbitzuaren %52 baino ez du estaliko udalak. Beste aldean, EAJk eta PSE-EEk aurreko agintaldian EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundian egindako “kudeaketa desegokiaren” ondorio dela igoera defendatu zuten, alderdi jeltzaleko bozeramaile Maite Peñak eta alderdi sozialistako eledun Jose Angel Rodriguezek. “Mankomunitateei GHK-k ezarri dien igoera GHKn pilatutako 30 miloi euroko defizitaren eta hondakinak beste probintzietara garraiatzeak dakarren gastuaren ondorio dira. Igoera errauste plantaren ondorio dela esatea demagogia da”, esan zuen Rodriguezek. Jon Txasko Ogasun zinegotzia mintzatu zen EH Bilduren izenean, eta igoerak errauste plantaren proiektuarekin lotura zuzena duela esan zuen berriz ere. Errausketaren kontrako jarrera izatea Espainiako Estatuko hainbat lekutan, eta Euskal Herrian haren aldekoa izatea ulertzen zaila dela esan zion bestalde alderdi sozialistari eta jarrera horren atzean “alderdi interesak” daudela gaineratu zuen Txaskok. 1.085 miloi euro ordaindu beharko dituztela errauste plantarengatik gipuzkoarrek 2051 urtera arte salatu zuen koalizio subiranistaren ordezkariak. Europak, ekonomikoki eta ekologikoki iraunkorra izango den etorkizun baten alde egin duela ekarri zuen gogora, bestalde, “Europak errausketarik gabeko etorkizun baten alde egiten duen bitartean, hemen batzuk errusketa zerbait berri bezala saldu nahi digute. Askok oroitzen dugu oraindik batzuk esandakoa Lemoizko zentral nuklearraren gainean, etorkizunean kandelekin emango genuela argia eta azak jango genituela hura gabe”. EH Bilduk hondakinen kudeaketarako modeloa diseinatu zuela esan zuen Txaskok, “hondakin organikoak biltzeko zazpi konpostatze planta, mankomunitateko bana, eta kudeaketa aenarobikoko planta Zubeitan; ontzi arinentzako bi tratamendu base Urnieta eta Legazpian, eta Zubietan kokatutako teknologia handiko planta; errefuxarentzako Sasieta eta Urolan tratemandu mekaniko biologikorako bi planta aurreikusten zituen besteak beste eta kostea 200 miloi eurokoa zen. Kutsakorra ez den eredua, merkeagoa, eta materialak eta energia berrerabiltzea helburu zuena”. Errauste plantaren gaineko galdeketa eskatu du Mendozak Julen Mendoza alkateak hartu zuen hitza ondoren. Hondakinen arazoa ez dela azken agintaldikoa, aurretik datorren kontua dela esan zuen, eta galdeketen aldeko jarrera erakutsi zuen, “bai atez atekoaren gainean eta baita erreuste plantaren gainean ere. Aztertu behar da zein baldintzetan, zer galdetzen den eta nola, baina galdeketen aldekoa naiz. Ez dudana ulertzen da zergatik ez den errauste plantaren gainean egiten”. Errauste plantaren gainean gizarte polemika handia dagoela esan zuen, bestalde, eta herritarrei hitza eman behar zaiela gaineratu zuen, “zergaitik ateaz atekoarekin kontsulta egitearen alde eta errauste plantaren gainekorik ez ?”. Errausketa eta birziklatzea ez direla bateragarriak gaineratu zuen Mendozak, “ez dugu guk esaten Europak ere esan du. Mahai gainean dagoen eztabaida ez da errauste planta edo zabortegia, errauste planta edo birziklatzea baizik. Azken hori babesten dugu guk, birziklatzearen alde egiten dugu. EAJk eta PSE-EEk errauste plantarena hain erraza eta hain argi baduzue zergaitik ez duzue hitz egiten, zergatik ez duzue egiten galdeketa hain argi baduzue gizartearentzat hain ona dela?. Errauste plantak osasunean dituen ondorioen gaineko beldurrik ez baduzue zergatik ez duzue ikerketa batzordea zabaltzen Gipuzkoako Batzar Nagusietan? Ez dut ulertzen zergatik SER kateak errauste plantaren gainean egin zuen saioan ez zuen errauste plantaren alde hitz egingo zuen sendagilerik aurkitu”. Errauste plantaren gainean eztabaida zabaltzeko, galdeketak egiteko, eta errausketak osasunean kalteak eragiten dituen ikertzeko prozesuak abiatzeko eskatu zuen Mendozak, “garrantzitsua da, gizarte larrialdia da Gipuzkoaren etorkizuna baldintzatuko duelako errauste plantaren proiektuak. Madrilen epaitegiak esan du osasunean kalteak eragin ditzakela errauste plantak. Hain argi baduzue ona dela, eraginik ez duela osasunean zeren beldur zarete eztabaida eta galdeketak egiteko?”. Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren aldeko mozioa Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, haren gaineko mozioa ere aztertu zuen plenoak. Azkenean aho batez onartu zuten adierazpen instituzionala aniztasun eta identitate sexualen alde. Beste mozio bat ere aztertu zuen plenoak, Errenteria Irabaziz eta EH Bilduk aurkeztutakoa ACEX Eskola Kanpoko Ekintza Osagarrien Programaren gainekoa. EAJk izan ezik, gainontzeko alderdi guztiek egin zuten mozioaren alde. Horren arabera programa ez ezabatzeko eskatu dio udalak Eusko Jaurlaritzari “murrizketa horiek sortzen dituzten azpikalteei erreparatu eta alternatibarik eskaini gabe”. Hezkuntza bere murrizketa poliketatik at uzteko ere eskatu diote Eusko Jaurlaritzari mozioaren bidez, eta halaber, hezkuntzari dagokion erabaki oro hezkuntza komunitatearekin eztabaidatu eta dostu ditzala. Azkenik babesa adierazi diete mozioaren bidez, “egoera berri honetara egokituta programa hauen biziraupena bermatu eta haurren hezte prozesua lehentasunez babestu nahian lanean ari diren hezkuntza komunitateko kide guztiei”.