Administrazio Kontseilua gaur goizean bildu da; LABek elkarretaratzea egin du bilera bitartean.
LABeko ordezkariak, gaur goizeko elkarretaratzean
Langileak eta herritarrak errespetatu! Iruzur eta prekarietaterik ez! lelopean elkarretaratzea egin du gaur LAB sindikatuak Pasaiako portuan. Administrazio Kontseilua bildu da gaur goizean, eta bilera bitartean egin du sindikatu abertzaleak elkarretaratzea.
LABek jakinarazi duenez, beren ordezkari sindikalak “lonjaren auzian ikerketa judizialak aurrera egingo balu, Administrazio Kontseilua akusazio partikular gisa aurkeztea proposatu du gaur goizeko bileran. “15 milioi eurotako obra publiko baten aurrekontuan egondako desfasearen aurrean, beste aldera begiratzen dute betikoek”, salatu dute, eta diru publikoarekin horrela jokatzea “eskandalu hutsa” iruditzen zaiela gaineratu dute.
“Ikerketara muturreraino eraman dezatela” eskatuko du LABek, “eskularru zuridun lapurren ustelkeria kasu berri baten aurrean” dauden jakin nahi dutelako.
Horrez gain, Portuaren Administrazio Kontseiluko kide diren alderdiei “langileei iruzur egiteari uztea” eskatuko dietela iragarri du LABek, eta “arduren aurrean ez kerik saltzeko”.
Azkenik “Pasaiako portua puntako portu konpetitibo eta produktiboa izan dadin lan egiteko prest” agertu da LAB.