1966ko uztailaren 6an, Tourraren 15. etapan gailendu zen Otaño Fagorrekin, Bourg d' Oissans helmuga zuen 203 kilometroko lasterketan, 120 kilometro ihesita egin ostean.
Otaño bere ibilbidearekin jarri duten txostenaren ondoan.
Luis Otaño Arcelusek Frantziako Tourreko etapa irabazi zuela 50 urte beteko dira uztailean. 1966ko uztailaren 6an, Tourraren 15. etapan gailendu zen Otaño Fagor taldearekin, Bourg d’Oissans helmuga zuen 203 kilometroko lasterketan, 120 kilometro ihes eginda egin ostean. Mende erdia beteko denean, aitortza egin nahi izan dio Errenteria-Oreretako Laguntasuna Txirrindulari Elkarteak eta baita Errenteriako Udalak ere txirrindulari errenteriar handiari, eta txirrindularitza profesionalaren munduan egin zuen ibilbidea biltzen duen txostena jarri dute Laguntasunaren egoitzaren aurrean. “Jendeak gure herriko txirrindulari honek duela 50 urte lortu zuena ezagutarazi eta gogora ekarri nahi dugu, aitortza egin bere lorpenak ez zirelako nolanahikoak izan”, esan dute Laguntasunako ordezkariek.
Txirrindulari koloretsuen irudiak ere jarri dituzte Laguntasunaren aurrean eta Gabierrotako biribilgunean.
Luis Otaño Laguntasunako eta udaleko ordezkariekin batera izan da agerraldian. 82 urte ditu egun errenteriarrak, eta gogoan du orain 50 urte irabazi zuen etapa. Urte berean Parisen jokatutako erlojupekoan hirugarren sailkatu zen Otaño. Aitortu du txirrindularitza profesionala utzi zuenetik ez duela berriro bizikleta hartu, baina garaipena lortu zuen bizikleta gordeta duela: “Ez zuen zer ikusirik gaur egungoekin, noski. Bost piñoiko bizikleta nuen. Hamar ordu lan egin eta gero joaten nintzen entrenatzera”.
Tourrera bereziki urduri ez zela joaten ere esan du: “Zerbait egitea genuela pentsatuta joaten ginen, lider jartzea genuela, eta asko zaintzen genuen elikadura. Gasdun ura ez genuen edaten, txarra omen zen, eta ura ere neurrian hartzen genuen lasterketa aurretik”.
Lehenengo Gipuzkoarra Tourrean
Frantziako Tourrean parte hartu zuen lehen gipuzkoarra izan zen Otaño, bigarren euskalduna Loroñoren ondotik. 10 aldiz hartu zuen parte Frantziako lasterketan eta zortzitan amaitu zuen. Guztira 24 garaipen lortu ditu bere ibilbidean eta Espainiako Itzulian bigarren sailkatu zen, eta guztira, 172 lasterketetan sailkatu zen txirrindularia lehenengo hamar postuen artean.
“Errodadore bikaina, jaisten paregabea, alor guztietan txirrindulari oso ona”, hala definitu dute Laguntasunako ordezkariek.