[Argazki galeria] Azken txanpan, denak emanda
Sanpedroak etzi bukatuko dira, baina asteburuaren atarian biderkatuko dira ekitaldiak; bihar, Kuadrillen Egunean, goizetik bermatuta dago festa giro jatorra.
Sanpedroak bi egun barru bukatuko dira, baina luze, oso luze joko dute oraindik festan murgiltzeko asmoa dutenentzat. Gaur arratsera arte, txikienak izango dira kaleetan jaun eta jabe. Goizean, lasterketa dute lehenik, haur eta nerabeen tratu ona aldarri, eta ondoren, sanpedroetako futbol partida klasikoak jokatuko dituzte frontoian: Buztina eta Eskamak. Herri bazkaria ere izango dute gaur haurrek aukeran, Antxeta elkartean, eta arratsaldeko lehen orduan, berriz, frontenis txapelketetako finalak jokatuko dituzte, haurrek lehenik, eta jarraian helduek. Futbito txapelketako finala ere gaur jokatuko dute. Musika nonahi Asteburuarekin batera kontzertuak iritsiko dira kai ingurura. Gaur, 20:30ean, Arraunlari kaleko Begihaundi tabernan, T Byrd Band taldeak joko du. Talde italiarra da, Veneziakoa, eta bertsioak egiten dituzte, The Byrds taldearenak ez ezik, REM, The Cure edota David Bowierenak. Rock eta pop doinuek erritmo latzagoei toki utziko diete iluntzearekin bat. 23:00etan, kaian, Sobresalto, Pangea eta Holy Nuns taldeen kontzertua izango da. Bihar, berriz, 19:00etan, Zo-Zongo taldekoek Kolpez blai ikuskizuna aurkeztuko dute. 90 minutuko ikuskizun ibiltaria da, motelenak ere dantzan jartzeko aproposa. The Crazy Wheels Band taldeak joko du ondoren Begihaundi tabernan, 21:00etatik aurrera. 1960ko eta 1970eko hamarkadetako rock and roll amerikarra jotzen du taldeak, euskaraz, blues eta country ukituekin. Gauean, berriz, Haitzama taldearekin dantzaldia egongo da kaian. Hego eta Ertamerikako taldeen euskarazko bertsio dantzagarriak joko ditu berbena taldeak. Hortaz, dantza egin nahi duenak, hor du aukera. Kuadrillen Egunean, paella Arroza izango da bihar sanpedroetako osagai nagusienetakoa, kuadrillek goizetik ekingo diotelako lapiko arteko lehiari, paella goxoena zeinek prestatuko. Eta, ondoren, nola ez, herri bazkarirako baliatuko dituzte paellak. Bazkarirako txartelak 10 euroan daude salgai. Eta arrantzale giroko festa batean —arrantzalez janzteko deia egin du jai batzordeak biharko— arrain txiki txapelketa ezin falta. 08:00etan itsasoratuko dira arrantzaleak eta 12:30ak arte izango dute harrapaketetan aritzeko tartea. Sari banaketa 13:00etan hasiko da, Torreatzen. Etzi, ‘Denok batera’ Sanpedroetako ekitaldi klasikoetan klasikoenak jaietako azken egunean ospatuko dituzte aurten. Porrusalda Txaranga, helduen Iñude eta Artzainak, pilota partidak, erromeria… eta herriko musikari eta kantuzaleak batuko dituen Denok batera jaialdia. Festetako argazki lehiaketa antolatu du Antxetak San Pedro Jaietako argazki lehiaketa antolatu du aurten lehenbizikoz Antxeta elkarteak, jai batzordearen laguntzarekin. Lehiaketan bi kategoria ezarri dituzte, 16 urtetik beherakoentzat lehena, eta helduentzat bigarrena. Partaide bakoitzak San Pedroko festetan ateratako hiru argazki aurkez ditzake lehiaketara (gehienez), eta guztiek, 15×20 neurrikoak izan beharko dute. Koloretakoak edota zuri-beltzekoak izan daitezke irudiak, baina ezin dira tratatu. Argazkiak Antxeta elkartean entregatu behar dira, kartazal itxi batean, hilaren 11tik 17ra bitartean. Lehiaketara aurkezten diren argazki guztiekin erakusketa atonduko du Antxetak, elkartearen egoitzan bertan. Hilaren 20tik abuztuaren 20ra bitartean izango dira argazki guztiak ikusgai. Sariak daude bi kategorietako irabazleentzat, baita publikoak saritutako argazkilariarentzat ere. Garaikurra eta diploma, diploma eta 100 euro, eta diploma eta Antxetan bi lagunentzako afaria , hurrenez hurren.