Erromesentzat geraleku aparta
Gero eta nabarmenagoa da Pasaiatik igarotzen den erromesen kopurua handitzen ari dela; Donibaneko aterpetxeko datuek berresten dute bilakaera; Donejakue Bidearen maitaleentzat geldialdi atsegina da Santa Ana
Ralf Meier, erromesa: «Lagun batek hitz egin zidan tokiaz, eta nituen espektatibak gainditu ditu»Meierrekin batera Georgie Forshall gazte britaniarra dago Santa Anako aterpetxean. Meierrek bezala, Forshallek ere ingurua asko gustatu zaiola dio. «Orain dela bi urte izan nintzen Done Jakue bidean, baina Frantziako zatian. Orain arte ikusi dudanarengatik gehiago gustatuko zait inguru hau», aitortu du gazteak. Ralf Meier eta George Forshall bezala atzerritarrak dira denboraldiaren hasieran Santa Anako aterpetxera iristen diren erromes gehienak. Hala jakinarazi du aterpetxeko arduradun Satur Telletxeak. Berak bultzatuta ireki zuten orain dela sei urte Pasaian erromesentzako aterpetxea, eta ordutik, boluntario lanak egiten ditu bertan, Santiago Bidearen Lagunen Elkarteko beste boluntarioekin txandaka. «Apirilean eta maiatzean, Europako iparraldetik datoz erromes gehienak; orain hasten dira frantziarrak iristen, eta uztailean hasiko dira penintsulatik-eta etortzen, asko eta asko jende oso gaztea». Telletxeak zehaztu duenez, Alemaniatik iristen dira erromes gehienak, eta azken urteetan gora egin omen du nabarmen Ameriketako Estatu Batuetatik datozen erromesen kopuruak.
2.300 erromes pasaian, iaz 2010. urtean zabaldu zuten Santa Anako erromesen aterpetxea. Urte hartan 700 erromesek hartu zuten ostatu Pasaian. Ordutik erromesen kopurua handitu da urtez urte, etenik gabe. Iaz. Pasaiatik, guztira, 13.500 erromes igaro ziren. Aterpetxean 2.300 egon ziren. Aurten. Ekainaren 1era arte aterpean jasotako datuen arabera, aurten %13 egin du gora erromesen etorrerak.Bisitari fidelak dira, baita ere, katalanak, eta Hitza aterpetxean dela Bartzelonan bizi den bikote batekin egon du topo. Irundik abiatuta, helmuga finkorik gabe doaz bidean aurrera. Hamabost egun dituzte aurretik, eta horiek ematen dutenaren arabera erabakiko dute non bukatu. «Natura, kirola, eta jendearekin hitz egitea» gustuko dutelako igarotzen dituzte oporrak Done Jakue bidean, eta beste zonalde batzuk «oso masifikatuta» daudelako erabaki dute aurten Euskal Herrirantz etortzea. Atentzioa eman die bidean topatu duten jendearen jarrera abegikorrak: «Jendea beti agertzen da laguntzeko prest, eta ez dute arazorik zurekin hitz egitera geratzeko». Sei hilabetez zabalik Aste Santuan ireki zuten Santa Anako erromesen aterpea eta urria erdialdera arte egongo da zabalik. Tarte horretan, aterpetxeko arduradun Satur Telletxeak, Santi Negeruela eta Mari Benitez izango ditu bidelagun. Ospitalariak dira, eta boluntario lanak egitera heldu dira aurten aterpetxera. Erromesei harrera egin, oheak-eta antolatu, garbiketa… 25 urtetik gora ditu bikote zarauztarrak Done Jakue bidean boluntario lanak egiten, eta Espainiako Estatu osoko aterpetxeetan egin izan dituzte ospitalari lanak, baina Pasaian aurtengoa dute lehen aldia. Beren lan txandak irauten duen hamar egunetan aterpean bizi dira zarauztarrak, eta oso gustura daude: «Toki hau zoragarria da. Jendeak, Donibanen, etxekotzat hartu gaitu. Jende helduak, haurrek… denek agurtzen gaituzte kaletik. Eta aterpea bera oso ederra da». Orreagako aterpetxean egin izan dute lan, eta bestelako aterpe askoz ere handiagoetan. Horregatik dio Negeruelak Santa Anako aterpetxea «jostailu» bat dela: «Horri gehitzen badiogu Santa Anak duen ikuspegia, hau mundiala da».