Bihar, 16 orduko futbito txapelketa jokatuko dute Santiago plazan; igandean, III. Sagardo Festa eta ur jolasak txintxorroetan, Oarsoirriak-ek antolatuta.
Txintxorro gutxi ikusten dira gaur egun badian, ez dagoelako non lotu
Sanjoanak lehengo asteburuan bukatu ziren arren, Pasai Donibanen, asteburu honetan ere izango da zer ospatu.
Bihar, presoen aldeko 16 orduko XXV. Futbito Txapelketa jokatuko dute plazan. Gaur bukatzen da izena emateko epea, eta horretarako aukera Remos eta Itziar tabernetan eskaintzen dute. Inskripzioak 50 euro balio du, eta taldeetan, gehienez, 10 lagunek har dezakete parte. Taldeen zozketa gaur bertan egingo dute, 20:00etan, Itziarren. Talde kopuruaren arabera erabakiko dute biharko partidak zein ordutan hasiko diren, baina litekeena da 09:00ak inguruan txapelketa abiatzea.
Etzi, III. Sagardo Jaia
Sanjoanen atarian ospatu behar zuten, baina bertan behera geratu zen eguraldi aurreikuspenak tarteko. Azkenik, etzi ospatuko dute, 17:30etik aurrera, Lurdes Sistiagak lehenbizikoz txotx egitearekin batera. Txalapartariak eta bertsolariak ez dira faltako.
Baina sagardo dastaketaren aurretik eta ondoren, euskal dantzak hartuko du protagonismoa. Goizean herriko dantza taldeko haurrak ariko dira desfilean, eta arratsaldean berriz Lezoko dantzazaleek girotuko dute plaza. 19:00etan Mutxikoak dantzatuko dira.
Ur jolasak txintxorroekin
Igande arratsaldean helduek sagardoa dastatu bitartean, haurrek izango dute ere zerrekin gozatu. Oarsoirriak taldeak ur jolasak antolatu ditu igande arratsalderako, baina ur jolas ezohikoak. Txintxorroak eramango dituzte plazaraino eta horiek baliatuko dituzte, uretan, festa egiteko. Eta ez kasualitatez.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, festaren bidez garai batean badiaz gozatzeko zegoen askatasuna aldarrikatu nahi dute modu honetan. Berez, debekatuta dago badia barruan bainatzea, eta Portu Agintaritza motorentzako amarratzeak ezarri zituenez geroztik ez dago txintxorroak lotzeko tokirik. Horiek guztiak salatu nahi dituzte festaren antolatzaileek igandeko jaiaren bitartez. 17:00etan hasiko dira ur jolasak.